Ate joka… Bangaloren (India)

polaroid india copia

JON MARTIN ETXEBESTE

28 urte. Gidoilaria.

Bangalore: 7.215.000 biztanle.

Bizi-kalitatea: Bangalore 143. postuan dago mundu mailako ranking-ean.

Karnataka estatuko hiriburua da Bangalore, Indiako hirugarren hiririk populatuena. Herrialdeko informatika-industriaren bihotza da.  

“Bangaloren izan nintzen bizitzen ia urtebetez eta zaborren kudeaketa bitxia da bertan: han ere ez dago edukiontzirik kaleetan, baina ezta kubo marroirik ere. Eta hori ez da txorakeria, zortzi milioi biztanleko hiri batean…

Zabor poltsak kale izkinan hustutzen dira, traba gutxien egiten duten lekuan. Lotsati uzten du lehenak bere poltsa kale kantoian, eta haren atzetik uzten du beste batek, eta beste poltsak ere berehala biltzen dira zabor-festara.

behi mutturra2

Jaso ere, ez ditu inork jasotzen; ez behintzat zabor bilketara zuzentzen den entitate batek. Zakurrak izaten dira normalean iristen lehenengoak, edo behiak bestela. Ezertarako gai ez direla diruditen behi euskaldunen antzarik ez dute indiarrek. Plastikozko poltsak hortzartean hartu eta, batera eta bestera mugitzen dituzte, antsiaz, puskatzea lortzen duten arte. Ondoren, jangarria den guztia (eta apur bat gehiago) irensten dute, organikoa eta kartoia, normalean. Kale-zakurrek ere berehala harrapatzen dituzte zabor zati kuttunenak eta ezkutuan jaten dituzte, indiarrek ez baitituzte behiak adina errespetatzen…

Ugaztunen atzetik, hegaztiak, beleak, etortzen dira apurrak mokoka jatera. Iluntze aldera arratoiek bukatuko dute organikoaren bilketa, eta hurrengo egunetan intsektuek eta onddoek finduko.

P1050183 txikia

Egunero sortzen eta birsortzen da zaborraren brigada hau, eta geratzen diren hondakin apurrak noizean behinkako sute kontrolatu batek desagiten ditu.

Organikoak ez diren gaiak biltzen, berriz, kasta baxueneko biztanleak jarduten dira. Plastikozko eta beirazko botilak dira preziatuenak, biltzen errazak dira-eta; baina berrerabili litekeen guztia berehala desagertzen da utzitako lekutik. Pertsonatik pertsonarako aldeak nabarmenak dira Indian eta batzuentzako zaborra dena besteentzat guztiz erabilgarria da. Desoreka kontuak… 

Hala ere, zabor teknologikoa da Indiako arazorik handienetako bat. Munduko zabortegi teknologiko handiena da India. Gai teknologikoen zenbait osagai bereziki garestiak dira eta horiek biltzetik “bizi” den jende asko dago. Gailu berberen zenbait osagai ordea toxikoak dira…. Estatutik estaturako aldeak nabarmenak dira munduan eta batzuentzako zaborra dena besteentzat guztiz erabilgarria da. Desoreka kontuak…”

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): atejoka

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu