Ate joka… Cochabamba-n (Bolivia)

polaroid bolivia

AGURTZANE LEKUONA AGIRRETXE

21 urte. Ikaslea.

Cochabamba: 517.000 biztanle.

Bizi-kalitatea: Bolivia 10. herrialdea da Ertamerika eta Hego Amerikako ranking-ean.

Boliviako jarduera ekonomikoan, hirugarren hiririk garrantzitsuena da Cochabamba. 2.570 metrotako altueran egonagatik, zerbitzu publiko onenak dituen Boliviako hiria da. Agurtzane Oiartzuna itzuli berri da Cochabamban unibertsitateko proiektua egin ondoren.

“Bolivian oso gauza kuriosoa gertatzen da: boliviarrek asko maite dute Ama Lurra (hizkuntza indigenan Pachamama esaten dutena). Hego Amerikan oso-oso lur aberatsak dituzte, naturak aberastasun asko utzi dizkie: ereiteko lurrak, mineralak, gasa… Bolivia ere horrelakoa da: oso lur aberatsak ditu eta eguneroko ogia bertatik jasotzen dute.

Lehenengo sektorea da nagusi hemen. Barazkiak eta frutak ereitetik jende asko bizi da. Ereiteaz gain, abeltzantzatik bizi den jende asko dago: llamak, ardiak eta ahuntzak daude, batez ere. Nekazaritzaz eta abeltzantzaz aparte, meategi asko daude Bolivian, eta meatzari asko, ondorioz.

Horrek guztiak erakusten du Ama Lurra zeinen garrantzitsua den boliviarrentzat. Ospakizun asko egiten dituzte Ama Lurrari eskerrak emateko, Boliviako egutegian egun asko daude Ama Lurrari eskainita. Horrez gain, hilabete bakoitzeko lehenengo ostiralean Q’owa izeneko erritua egiten diote Pachamamari: Suaren inguruan dantzatuz eta chicha izeneko artoz egindako likore bat edanaz.

Boliviako kulturan eta baloreetan oso garrantzitsua da Ama Lurra. Horregatik ospatu da hemen, Cochabamban, Kopenhagen (Danimarka) ospatu zen ingurumenaren aldeko konferentziaren jarraipena, Evo Moralesek gomendatuta, apirilaren 19tik 22ra.

Baina oso bestelako gauzak gertatzen dira hirietan. Ni Cochabamban bizi naiz: hiri handia da, eta oso zikina.

Oso zaborrontzi gutxi aurkitzen dira kalean. Tarteka, edukiontzi handiak topatzen dituzu, baina inoiz ez Europan ikusten diren zaborrontzi txikiak. Eta noski, askoz zailagoa da birziklatzeko edukiontziak aurkitzea. Hirian zehar bat edo beste ikusiko nuen, baina oso gutxi.

Cochabamban zaborra jasotzen duen enpresak dauden edukiontziak kentzeko agindu du zenbait auzotan. Arrazoia edukiontziei ematen zitzaien erabilera txarra izan da.

27272_1374963011666_1159549570_31127802_3760663_nHerritarrek denetik botatzen zuten edukiontzietara, etxeetako hondakin eta harri puskak ere bai! Hori dela eta, etxez etxeko bilketa sistema berrezartzea erabaki dute (lehen ere sistema hori baitzuten). Astean bi edo hiru egunetan atera ahal izango dute zaborra etxetik, eta ordu jakinetan. Eguerdi aldean, zaborraren kamioia pasako da zaborra jasotzera eta jendeak ordu horretan bakarrik atera ahal izango du zaborra. Norbaitek ordu horretan atera ezingo balu, etxean ez dagoelako edo, beste pare bat egunez etxean eduki beharko du zaborra, berriz kamioia pasatu arte.

Herritarrak kexu dira sistema hau berrezarriko dutelako, baina EMSA enpresak aukera eman zuela argudiatu du, eta herritarrek ez dutela baliatu.

Nire ustez, edukiontziak gaizki erabiltzeak eta ez birziklatzeak oso arrazoi erraza dute: herritarrek ez dute informazio nahikorik birziklapenari buruz. Ez dakite nola bereizi zaborra, ez dakite edukiontzi berdea beirarentzat bakarrik dela, horia ontzi arinentzat eta urdina kartoiarentzat. Ez dute birziklatzeko hezkuntzarik jaso. Horregatik daude kaleak hain zikinak eta horregatik erabiltzen dituzte edukiontziak modu desegokian.

Ama Lurra maite dute, baina ez dakite nola zaindu.

26812_1374965291723_1159549570_31127813_1472390_nEtxerik ez duten pertsona helduek edukiontziak arakatzen pasatzen dute eguna. Plastikozko botilak eta beirazko ontziak bereizten dituzte. Zergatik? Plastikozko eta beirazko botilak erosten dituzten enpresak daudelako. Zaborretatik ateratako ontziak salduz ateratzen dute soldata, zaborra birziklatzea da beren eguneroko lana. Tamalgarria, ordea, birziklatzeko modua…

Ziur nago erakutsiko balitzaie eta aukera izango balute, boliviarrek oso ondo zainduko lituzketela herrietako kaleak nahiz ingurumena”.

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): atejoka

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu