Zubietako erraustegiaren kaltetuak atez atekoa eskertzera joan dira Hernanira

100316 zubietarrak hernaninZubietako errauste-plantaren kaltetu zuzenak, 10 bat laguneko ordezkaritza bat, Hernanin izan ziren atzo arratsaldean atez atekoaren ezarpena eskertu eta errauste-plantaren inguruan duten kezka partitzen. Horietako batzuk errauste-planta jarri nahi duten tokitik 200 eta 400 metrotara bizi dira, eta euren bizimoduari eta osasunari egingo zaion kalteaz oso kezkatuta daude. Atzoko bisitaren arrazoia Hernaniko Udalari euren eskerrona azaltzea izan zen, atez atekoak itxaropena berreskuratzen lagundu dielako. Entregatu duten idatzi osoa irakutzeko….

Zubietatik Hernaniko herriari

Gure buruak aurkeztu nahi ditugu. Zubietan eraiki nahi duten errauste plantak erdiz-erdi kaltetuak gara. Bertan bizi garenak. Tartean, bagaude Hernanin jaiotako pertsonak, Hernanin familia eta lagun asko ditugunak. Horietako batzuk bildu gara gutun ireki bat idatzi eta eskuan entregatzeko, bai Hernaniko udal agintariei eta bai hernaniar guztiei.

Gure inguruan intzineradora eraikitzeko proiektuaz hitz egiten hasi zirenetik hamaika egun eta gau txar pasatu dugu. Aurretik ere kezkaz ikusten genituen Donostiak Zubietan sartu nahi dizkigun obra erraldoiak, baina intzineradorarena izan zen errematea.

Pentsatuko duzue arreta handiz irakurri eta aztertu ditugula etxeetako hondakinen errausketak dakartzan ondorioei buruzko informazioak. Intzinerazioaz informazio asko dago eta zuetako askok seguru irakurri edo entzun dituzuela, hitzaldietan edo ikus-entzunezko dokumentuetan. Intzinerazioaren kalte ekologiko eta ekonomikoak eta batik bat inguruko jendeen osasunerako dakartzanak ondo demostratuta daude, zoritxarrez. Bestalde, denok gara kaltetuak: Hernani eta inguruko beste herrietako jende askok nozituko ditu kalteak kilometro askoko bueltan.

Zubietan hamaika gautan galdu dugu loa munstro horregatik. Baina gaurik ilunenean ere eduki dugu lagunen eta kontzientzia duten herritar askoren babesa; guztiei bihotzez eskertuta gaude. Errausketaren kontrako mugimenduak egin duen lana izugarrizko laguntza izan da guretzako.

Gero, arnas pittin bat hartzen hasi ginen Usurbilen, batean eta bestean soluzio ezberdinak aztertu ondoren, Atez Ateko bilketa martxan jarri zutenean. Herri oso batek, agintariak buru dituela, erakutsi du posible dela gure etxeetako hondakinak fundamentuz erabiltzea eta errausketa bezalako sistema pozoitsurik gabe askoz soluzio hobea martxan jartzea.

Orain urrats hori Hernanin ematen ari zaretela jakin dugunez, bertara gatoz Hernaniko herriari eta agintariei gure esker ona azaltzera eta animoak ematera.

Argi eta garbi eskerrak eman nahi dizkiogu Hernaniko Udalari, alkatetza eta udal gobernua dauzkan Ezker Abertzaleari eta Ezker Batua-Aralarren izenean ari den zinegotziari. Mila esker bihotzetik  Hernanin Atez Ateko bilketa sistema martxan jartzea erabaki duzuelako. Usurbilen ikusi dugunagatik dakigu zenbat lan ematen duen horrelako aldaketa batek, eta agintarioi gure eskerra azaldu nahi dizuegu erakutsi duzuen ausardiagatik, jendetasunagatik eta konpromisoagatik. Kalkulu elektoraletatik askoz urrutiago joan zarete, herritarrongan pentsatu duzue, eta erabakiak ohorea ematen dizue.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Hernanin hondakinen kudeaketa hobetzeko eta errausketarik egon ez dadin lanean ari diren herritar guztiei. Atez Atekoa antolatzeko lanean ari den Jarraipen batzordeari, Hernanin Zero Zabor taldeari, Maialen Lujanbiok irakurri zuen manifestura bildu zineten herritarroi, blog eta bestelako komunikabideetan idazten duzuenoi,  errausketaren kontrako mobilizazioetan parte hartzen duzuenoi, lehendik egunero bilketa selektiboa egiten duzuenoi, autokonposta egiten duzuenoi… Bihotzez, eskerrik asko denoi.

Ezin dugu ukatu nahigabe handia sentitu dugula jakin dugunean Hernanin milaka firma bildu direla erreferenduma eskatuz. Eta esan nahi diegu minduta gaudela. Jakinda zer nolako dirutza eta interesak dauden errauste plantaren atzean, jakinda zenbaterainoko zapalketa egin dioten urte hauetan Usurbilgo herriari, jakinda zer nolako intoxikazio kanpaina egin duten batzuek Atez Atekoaren kontra, jakinda nolako haserrea piztu zen Hernanin intzineradora Landarbason jartzea aipatu zutenean, jakinda hori guztia eta gehiago… ezin dugu ulertu firma bilketa hori. Atez Atekoa oztopatzeak edo atzeratzeak ez baitu lortzen Zubietan intzineradora eraiki nahi duten interesei eta indarrei  laguntzea besterik.

Hala ere, ezagutzen dugu Hernaniko herria eta konfidantza dugu hernaniarrengan. Gutun honekin animoak eman nahi dizkizuegu hondakinak kudeatzeko sistema hobe baten aldeko lanean ari zareten guztioi. Mila esker bihotzez denoi. Zuen ahalegina ez dugu inoiz ahaztuko.

Eman aukera Atez Atekoari!

Erraustegirik ez, ez Zubietan, ez beste inon!

Etiketa(k): , , , , , ,
Saila(k): Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu