Oiartzungo Udalak bat egin du errauste-plantaren moratoria eskaerarekin

Aitor Etxeberria alkateak bat egin du errauste-programa 6 urtez atzeratzeko egindako eskariarekin. Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak egin dio moratoria-eskaera Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta jada jaso du Hernaniko Udalaren eta errausketaren aurkako plataformen babesa. Hurrengo egun eta asteetan alderdi, sindikatu, gizarte mugimendu eta udal gehiagok moratoria-eskaerarekin bat egitea aurreikusten da. 

DSC00319 lopez uralde usurbil 100222 web

Oiartzungo Udala “erabat ados dago Usurbilgo alkateak Foru Aldundiari egin dion eskariarekin, etorkizunerako pauso garrantzitsua baita”. Usurbilgo birziklatze-mailak igo egin dira hondakinak atez ate biltzen hasiz geroztik, eta Hernanik eta Oiartzunek laster ekingo diote bide berari. Etxeberriaren hitzetan, “ahalik eta hondakin gehien birziklatzea da etorkizuneko bidea eta, gaur gaurkoz, atez ateko bilketa da horretarako aukerarik onena. Gainera, errausketa ekiditeko sistema da eta esku-eskura dugu”. 

“Errauste-plantan 400 milioi euro xahutzeak ez du ez hanka ez bururik” Oiartzungo Udalaren iritziz. “Are gutxiago, erraustegia bera eta ekarriko dizkigun osasun eta ingurugiro-arazoak ekiditea posible denean”. Atez atekoa sistema malgua da eta Gipuzkoa osora zabal daiteke. “Horren adibide dira Hernani eta Oiartzun. Hernanik, egitura bertikala eta biztanle asko dituen herri eta hirietan hondakinak atez ate biltzea bideragarria dela frogatuko du. Guk, berriz, herrian etxe bakar asko izanik, etxeko konpostak sistema honetan duen garrantzia berretsiko dugu”. 

Denbora behar da atez atekoa Gipuzkoa osora zabaldu ahal izateko eta “moratoriak, hain justu, horretarako aukera emango digu. Oiartzunen frogatu dugu, baliabideak izanez gero,  herritarrak apustuari ekiteko prest daudela”. Moratoriaren bitartez, “usurbildar, hernaniar eta oiartzuarrentzat; gipuzkoar ororentzat eta atez atekoarentzat aukera bat eskatu nahi dugu”. 

Alkatea, Greenpeaceko ordezkariekin Usurbilen 

Juantxo Lopez Uralde, Greenpeacen Espainiako zuzendaria, Usurbilen izan da gaur goizean. Oiartzungo alkatea ere han izan da eta bertatik egin ditu moratoriaren gaineko adierazpenak. 

Bide batez, Aitor Etxeberriak usurbildar guztiak “datorren asteburuan izango duten herri-galdeketan parte hartzera” deitu nahi izan ditu. Eskerrak eman nahi izan dizkie “guri irakatsi diguten guztiagatik eta Gipuzkoa osoari atez atekoa posible dela erakutsi diotelako”. Orain arte egindako lan guztiari “ginda” jartzeaz gainera, “atzetik gatozen guztiontzako mugarri bat jartzear dira usurblidarrak” esanez agurtu da Oiartzungo alkatea.

Etiketa(k): , , , , , ,
Saila(k): Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu