Ergoien: “Atez ate bildutako hondakinek non bukatuko dute?”

Lehengo ostegunean Ergoiengo Auzokalte elkartean bildu ziren herritarrek atez ate bilduko diren hondakinek non bukatuko duten galdetu zuten. Udal ordezkariek azaldu bezala, egokiena herri bakoitzak bere hondakinak kudeatu eta tratatzea izango litzateke. Izan ere, udal bakoitzaren konpetentzia da bere hondakinak biltzea eta norberak berea gestionatu beharko luke. Honetara heltzea da Oiartzungo Udalaren helburua.

091217 ergoiengo bilera

Atez ate biltzen hastean Udalak papera/kartoia Lanbarrengo plantara eramango ditu, ontzi arinak Urnietakora eta hondakin organikoak Azpeitiko Lapatxeko konposta makinara. Birziklatu ezin diren materialak, hasiera batean, San Markoko transferentzia plantara eramango dira. Beiraren gestioaz Ecovidriok jarraituko du arduratzen eta iglu berdeetan jasotako materiala Laudion dagoen plantara eramaten segiko du.

Hasiera batean horrela kudeatuko dira Oiartzungo hondakinak, baina hobekuntzak egiten joatea da udalaren nahia. Materia organikoaren tratamendurako Oiartzundik gertuago konposta planta bat izatea lortu nahi da eta errefusa, aldiz, inerteen zabortegi batera eramatea da egokiena; ez baita toxikoa izango. Hobekuntzak eginez, herriko hondakinak gero eta hobeto kudeatu eta tratatzea izango da helburua.

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu