Atzoko prentsaurrekoan Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak adierazi zuenez, “erakundeak alde batetik doaz eta herritarrak bestetik”. Inposiziotzat jo zuen Zubietako errauste plantaren proiektua eta Hernanik eta Oiartzunek atez ateko sistema ezarri bezperan Ingurumen baimena lortu dutela esatea atez ateko bilketa sistemari zangotraba egiteko eginda dagoela gaineratu zuen. “Atez atekoaren arrakasta itzaltzeko, herritarren kontzientzia gero eta handiagoa den honetan errauste planta bat inposatu nahi digute”.

imgp0034 usurbilgo ituna 100504

Rebeka Ubera (Aralar) eta Duñike Arrizabalaga (Alternatiba) bozeramaile lagun zituela, Usurbilgo alkateak Gipuzkoako Foru Diputazioari egotzi dio herritarrak etsitu nahi izana, “beren lana desaktibatzeko helburuarekin”.

Lotsa gutxi izatea leporatu zion Diputazioari, tximiniarik gabeko errauste planta aurkezteagatik. “Informazioa ezkutatu nahi dute, medioak erabili, errealitatea aldatzeko”. Usurbilgo alkatearen iritziz, Gipuzkoak aukera bat merezi du hondakinen arazoa irtenbide egoki batez konpontzeko, eta berriro 6 urteko moratoria eskatu zuen Zubietako errauste plantarentzat. “Atzerabueltarik ez duen egoera bat azaldu nahi dute, baina ez da egia, denbora asko dugu arazoa konpontzeko, epe luzeko arazoa delako”. Horregatik adierazi zuen Gipuzkoako Batzarretan euren iritzia emateko bilera eskatuko dutela, eta gauza bera egingo dutela Donostiako alkate Odon Elorzarekin eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanorekin.

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

100503 festa kubo banaketaUdal teknikariak pasa berri den astean aritu dira etxeetako kubo marroiak banatzen. Atez ateko informazio bulegoan, auzoz auzo eta Done Eztebe plazan izan da ontziak jasotzeko aukera. Atzoko azken datuen arabera, herriko familien %80,5ak etxean ditu kubo marroiak, eta horiekin batera banatutako atez atekoari buruzko informazio praktiko guztia ere bai. 

Hondakinak atez ate biltzen hasteko eguna maiatzaren 5etik 23ra atzeratu denez, ontzi marroia jaso ez duten herritarrek atez ateko informazio bulegoan dute horretarako aukera. Done Eztebe plazan dago bulegoa eta astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez egoten da irekita; 09:00tik 13:30era eta 15:30etik 19:00ra, hain zuzen ere. 

Iruzkina gehitu

100502 txan festa webAtzo goizean ongietorri festa egin zitzaion atez atekoari. Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina giro polita sortu zen Txan Magoarekin, haurrentzako tailerrekin eta Sahararen aldeko kantinan izan zen jan eta edanarekin. Ederki pasatu zuten gerturatu zirenek!

Iruzkina gehitu

Azpiegitura guztiak ez daude prest, eta herritarrei zerbitzu osoa eta egokia eskaintzearen mesedetan hartu da erabakia 

Oiartzungo Udala datorren maiatzaren 5ean hastekoa zen hondakinak atez ate biltzen. Aitzitik, azpiegitura arazoak direla eta, hondakinak atez ate jasotzen hasteko eguna maiatzaren 23ra atzeratzea erabaki du. 

Alde batetik, komertzio eta ostalariei banatu beharreko ontziak ez dira garaiz iritsi udalera. Beraz, ez da astirik izan komertzioei kuboak entregatzeko eta atez atekoari buruzko informazio praktikoa guztia behar bezala eta denboraz banatzeko. Bestalde, aportazio zein larrialdi guneak eta garbigunea ez daude prest. 

Oiartzungo Udalak aukera guztiak jarri ditu mahai gainean, eta erabakirik zuzen eta egokiena hondakinak atez ate biltzen hasteko eguna atzeratzea dela deliberatu du. Izan ere, hamabost eguneko epean atez atekoa martxan jartzeko beharrezko azpiegiturak prest egongo dira, eta herritarrei zerbitzu oso eta erosoa emateko aukera izango du. 

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

Atez atekoa heltzear da eta Oiartzungo hainbat eragilek ongietorri festa antolatu dute Done Eztebe plazan datorren iganderako, maiatzaren 2rako hain justu.  

txan1

Goizean 10:00an hasi eta 14:00ak arte haur nahiz helduentzako hainbat ekintza antolatu dituzte. Bideo emanaldiak, hondakinei buruzko erakusketak, konpostaren txokoa, Elizalde eta Haurtzaro ikastetxeetako ikasleen lanen erakusketa, haur-jolasak, Sahararen aldeko taldeak antolatutako kantina, musika eta Txan Magoa. 

Txan Magoaren ekitaldia eguerdiko 12:00an hasiko da, eta magia egingo du hondakinekin. Ederki pasatuko dute hara gerturatzen diren haur eta helduek. 

Kubo marroiak jasotzeko azken eguna

Atez atekoari egingo zaion ongietorri festan ere jaso ahal izango dira etxerako kubo marroiak. Udal teknikariak ontziak eta atez atekoari buruzko informazio praktiko guztia banatzen arituko dira 10:00tik 14:00ra.

Iruzkina gehitu

Astelehenean hasi zen kubo banaketa eta atzo arteko datuen arabera, kubo marroien erdia baino gehiago banatu da jada, %56a hain zuzen ere. 

100426 kubo banaketa4

Herritar asko ari da kuboak jasotzen eta “aurreikuspenak betetzen ari dira”, udaletik adierazi dutenez. Igandera arte arituko dira udal teknikariak kuboak banatzen Arraguan zein Done Eztebe plazan, eta horrela jarraituta, kubo marroi guztiak banatuta egongo dira ordurako. Beraz, Oiartzungo familia guztiek etxean izango dute atez atekoa martxan jartzerako, horretarako beharrezko kuboak eta informazio praktiko guztia. 

“Oso pozik gaude herritarrak izaten ari diren jarrera eta erantzunarekin”, hala adierazi du Aitor Etxeberria alkateak. “Konfiantza osoa dugu herritarren asmo onean”. Denona da hondakinen arazoa eta denon artean eman behar diogu irtenbidea. “Etxeko konpostaren kanpainak eta kubo banaketak argi uzten dute oiartzuarrak apustuari ekiteko prest daudela”. 

100429 kubo banaketa5 iturriotz

Ostiraletik iganderako kubo-banaketaren ordutegi eta egutegia 

Gaur, apirilak 30, Arraguako frontoian (09:00-13:00) eta Done Eztebe plazan (15:00-19:00) banatuko dira kuboak. Larunbata eta igandean ere Done Eztebe plazan jaso ahal izango dira ontzi marroiak 10:00tik 14:00ra. Herritarrek ez dute zertan kuboa beren auzoan hartu, edonork edozein banaketa puntutan har dezake bere ontzia.

Iruzkina gehitu

100426 kubo banaketa1 webMartxa onean hasi da kubo banaketa. Goizeko 09:00an hasi da eta jende mordoa etorri da etxerako beren kuboen bila. Eguraldi ederra dugu eta jendea animatu da!

Iruzkina gehitu

Azken txanpan dira atez atekoa martxan jartzeko prestaketa lanak. Datorren maiatzaren 5erako dena prest izateko, azken lanetan dabiltza udal teknikari eta langileak. Horien artean lan garrantzitsuenetako bat etxeetarako kubo marroiak banatzea da.

foto de referencia

Ontzi marroiak hondakin organikoak biltzeko erabiliko dira eta Oiartzungo familia guztiek jasoko dute berea guztiz doan. Papera, ontzi arinak eta errefusa poltsetan, eta beira, lehengo gisan, iglu berdean jasoko denez, kuboa hondar organikoentzako soilik erabiliko da. Ez da ontzirik banatuko materia organikoa ez beste hondakinentzat. 

Kubo marroiak banatzeko garaian, herritar orok atez atekoari buruzko informazio praktiko guztia ere jasoko du. Hondakinen atez ateko bilketak nola funtzionatzen duenari buruzko txostenaz gain, hondakinak egoki sailkatzeko hiztegia, sukaldeko imana eta informazio guztia laburtzen duen karteltxo bat ere banatuko dira.

Kubo marroiak apirilaren 26tik maiatzaren 2ra banatuko dira

Datorren astean banatuko dira kuboak atez ateko informazio bulegoan, auzoz auzo eta Done Eztebe plazan. Lan-egunetan auzoz auzo banatuko dira ontzi marroiak eta asteburuan, berriz, Done Eztebe plazan jaso ahal izango dira. Astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez jaso ahal izango dira, 09:00tik 13:00ra eta 15:00tik 19:00. Asteburuan, aldiz, goizez izango da horretarako aukera: 10:00tik 14:00ra, alegia.

Herritarrek etxean jasoko dute kuboak banatzeko ordutegi eta egutegiari buruzko informazio guztia. Honez gain, prentsa bidez, bandoekin eta herrian zehar megafoniaz ere emango da guztiaren berri. Webgunea ere horretarako tresna erabilgarria denez, hona hemen jakin beharrekoa:

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu