1300 kilo materia organiko bildu da gaur gauean

Emaitza onak, kontenedore guztiak erretiratu gabe egonik eta 650 familia autokonpostatzaile izanik 

Atzo gaueko 22:00an jarri zen abian hondakinen atez ateko bilketa Oiartzunen eta udalean gustura daude “bilketarekin berarekin eta lortutako emaitzekin”. Biltzaileak normaltasun osoz aritu dira lanean eta “kalitate oneko” 1300 kilo materia organiko bildu dute. 

100523 elizalde1_2

Herriko kontenedore guztiak erretiratu gabeak direla kontuan izanik eta Oiartzungo 650 familiak beren materia organikoa beren kabuz kudeatuko dutela jakinda, udala gustura dago herritarrek eman duten erantzunarekin. Izan ere, edukiontziak eskura izanda, atzo gauean oraindik egon bazegoen zaborpoltsa kontenedorera botatzeko aukera. Herritar askok, ordea, beren kubo marroia “txukun eta egoki” zintzilikailuan uztea aukeratu zuen. Gaur eta bihar jasoko dituzte kontenedore guztiak herriko kaleetatik, eta bihartik aurrera Oiartzungo karriketan beirarentzako iglu berdea soilik egongo da.  

Hobekuntzak, gaurtik bertatik hasita 

“Atez ateko bilketa sistema malgua da eta hobekuntzarako aukerak baditu”. Bilketa sistema berriari ekitea da lehen pausoa, eta hemendik aurrera atez atekoa doitzen joatea da udalaren helburua; “herritarren beharretara gero eta gehiago egokitu eta emaitzak hobetzeko”. 

Gaurtik bertatik hasi da Oiartzungo Udala bide hori jorratzen. Bart arratseko bilketaren ostean izan diren jazoerak (20 eskas guztira) jada konponduta daude, eta bide honetatik jarraituz “gero eta zerbitzu hobea” eskaini nahi die herritarrei udalak. Beren hondakinak biltzeko garaian arazoren bat izanez gero, horren berri emateko eskatu diete atez ateko informazio bulegotik herritar guztiei.

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): Emaitzak, Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu