Usurbildarrek “ginda” jarri diote orain arte egindako lanari. ZORIONAK!!

Asteburu honetan, atzo eta herenegun, izan dute hiri hondakinen gaineko herri kontsulta Usurbilen eta herritarren gehiengoa atez atekoaren alde azaldu da.

100228 erreferendum usurbil

Honakoak izan dira emaitzak: %55,82 atez atekoaren alde, %42,64 5. kontenedorearen alde, %0,75 gaur egun bezala jarraitzearen alde eta botoen %0,78 zuri/nuloak izan dira. Boto kopuruei dagokienean, 1927 usurbildarrek atez atekoaren alde bozkatu dute, 1472k 5. kontenedorearen alde, 26k gaur egun bezala jarraitzearen alde eta 28k zuri edo nulo bozkatu dute. Guztira 3453 herritarrek hartu dute parte herri kontsultan, hau da, bozka eskubidea dutenen %70,23a joan da bozka-mahaietara. Udal hauteskundeetan ere ez da lortu izan horrelako parte hartzerik eta, beraz, esan daiteke herri-kontsultan lortutako emaitzak usurbildarren nahiaren isla garbia direla.

Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak egin zituen publiko emaitzak atzo ilunabarreko 21:15etan eman zuen prentsaurrekoan. Gaur eguerdian zuten egitekoa emaitzen gaineko balorazioa.

Esan bezala, herritarrek beraiek erabaki dute atez atekoarekin aurrera jarraitzea. Kontent daude sistemarekin eta hemendik aurrera ere bideari jarraitzeko gogoz. “Ginda” jarri diote orain arte egindako lanari eta atzetik goazonoi lekzio bat eman digute. Bejondeizuela! Oiartzun aldetik, ESKERRIK ASKO ETA ZORIONAK!

Komunikabideetan ere oihartzun zabala izan du gaur Usurbilgo asteburuko erreferendumak. Hemen duzue balorazioak ezagutu eta norberak bere ondorioak ateratzeko aukera. Noticias de Gipuzkoa, Gara, DV, Berria, EITB, El País eta Noaua-an azaldu da albistea.

Oharra: argazki hau www.noaua.com webgunean argitaratuta dago.

Etiketa(k): , , , , ,
Saila(k): Emaitzak, Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu