Oiartzunen gau batean Azpeitian hamabost egunean baino materia organiko gehiago bildu dugu

Oiartzunen atez ate 5220 kilo materia organiko bildu dira gau batean. Azpeitian, berriz, 4363 kilo jasotzen dituzte hamabost egunean 5. edukiontziarekin 

Emaitza bikainak lortu dituzte oiartzuarrek hondakinak atez ate biltzen hasi eta lehen egunetan. Igande gauean 1300 kilo materia organiko bildu zuten biltzaileek eta asteazken gauean, berriz, 5220 kilo; igandean bildutakoaren laukoitza, alegia. Ontzi arinen bilketak ere goranzko bidea hartu du: astelehenean 1000 kilo bildu ziren eta ostegunean, aldiz, 2060. Asteartean 3120 kilo paper eta kartoi bildu ziren. 

100526 biltzaileak organikoa web

Oiartzungo Udala oso pozik dago orain arte lortutako emaitzekin. “Herritarrak hasiera-hasieratik hasi dira gauzak behar bezala egiten eta biltzaileak ere normaltasun osoz ari dira lanean”, adierazi dute udal teknikariek. Aitor Etxeberriak alkateak oiartzuar oro zoriondu nahi izan du. Izan ere, “norberaren asmo onaz eta denon elkarlanaz jada frogatu dugu atez atekoaren eraginkortasuna”.

 Oiartzunek 9945 biztanle ditu eta gau batean atez ate, Azpeitiak 14054 biztanlerekin 5.edukiontzian hamabost egunean baino materia organiko gehiago bildu du. Udal teknikariek jakinarazi dutenez, kalitate oso oneko materia organikoa bildu da, bai igandean eta bai asteazkenean. Oiartzungo 650 familiak beren kabuz kudeatzen dituzte beren hondar organikoak. Datu horien arabera, egunean 622 kilo materia organiko autokonpostatzen da eta bertatik ongarria lortzen dute etxean konpostatzen duten familiek. Udalak ez du gasturik autokonpostatzen den materia organiko hori jasotzen eta tratatzen. Orain aste bete, materia organiko hori guztia zabortegira eramaten zen eta osasun zein ingurumen arazoak besterik ez zituen sortzen bertan. Orain, konpostatu eta ongarria lortuko da hondar organiko horietatik; izan konposta plantan edo izan norberak bere etxean.

 

Oiartzunek hartu du hondakinen arazoari konponbide erreala emateko bidea; ohitura aldaketa txiki batekin birziklapen-emaitza oso eraginkorrak lortu ahal izateko norabidea, alegia. Usurbil, Hernani eta Oiartzunen artean 37.000 gipuzkoar dira ia zaborrik sortzen ez duten herritarrak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eman egin beharko du Usurbilgo Itunean hainbat sindikatu, gizarte eragile eta alderdi politikok errauste-plantarentzat eskatutako sei urteko moratoria; herritar asko ari baita gauzak behar bezala egiten hori lortzeko. 

Azpiegitura guztiak, martxa onean

Aportazio guneak, larrialdi puntua eta garbigunea funtzionamenduan dira. Aportazio guneak oraindik irekita baldin badaude ere, laster itxi egingo dira eta bertako giltza atez ateko informazio bulegoan jaso behar dute landa eremuan bizi diren herritarrek; beraientzako baitira aportazio guneak. Hasieran behin behineko garbigunea Gaetxe poligonoan (Iturriotz) jartzekoa bazen ere, Talaia poligonoan (Arragua) jartzea erabaki du udalak. Asteartetik larunbatera egongo da irekita 10:00tik 13:00ra eta 15:00tik 20:00ra. 

Herrian jada ez da kontenedorerik geratzen, beirarentzako iglu berdea soilik dago kalean. Gauero bi kamioi eta lau biltzaile aritzen diren hondakin atal ezberdinak atez ate biltzen. Orain erabiltzen dituzten kamioiak behin behinekoak dira, udala txikiagoak eta isilagoak diren berrien zain baitago. Bilketa sistema berria martxan oraintxe jarri denez, atez ateko informazio bulegotik “hondakinen bilketarekin arazoren bat izan duen herritarrari horren berri emateko” eskatu diote. Bulegoa Done Eztebe plazan dago eta astelehenetik ostiralera egoten da irekita 09:00tik 13:30era eta 15:30etik 19:00ra. Bertaratzeko aukerarik ez duten herritarrek telefonoz (900 49 11 11), emailez (atezate@oiartzun.org) edo webgunearen (www.oiartzunatezate.org) bitartez eman dezakete arazo horien berri.

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): Emaitzak, Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu