Aldeguna: kontenedoreetatik kubora

Asteazken ilunabarrean Arraguako Aldeguna elkartean bildu ginen. Beste hainbat gairen artean, egungo kontenedoreez eta udaberritik aurrera erabiliko ditugun kubo eta poltsez hitz egin zen.

091125 aldegunako bilera

Udal ordezkariek azaldu bezala, beira birziklatzeko erabiltzen dugun iglu berdea da herriko kaleetan geratuko den bakarra. Edukiontzi grisa, urdina eta horia desagertu egingo dira. Bizilagunek erabaki hau zergatik hartu den galdetu zuten. Hau da, iglu berdea mantendu egingo badugu, zergatik ez dugu gauza bera egingo kontenedore urdin eta horiarekin?

 

Kaleetan beirarentzako edukiontzia bakarrik uzteko erabakiak baditu bere arrazoiak. Herritarrok beira beste edozein frakzio baino hobeto birziklatzen dugu. Gainera, igluek beste kontenedoreek baino aho txikiagoa dute eta ez da edozer gauza sartzen. Bi faktore hauek kontuan hartuta, beiraren igluetan ez dira topatzen beira ez den bestelako hondakin gehiegi. Kontenedore hori eta urdinean, aldiz, denetik topatu izan da. Honez gain, iglu berdeen kudeaketa Ecovidrio enpresaren kargu dago eta udalak ez du ezer ordaintzen ez beira jasotzeko edukiontziengatik ezta bilketa zerbitzuagatik ere.

Atez ateko bilketa martxan jartzen denerako, organikoa ez beste frakzioentzako ere kuboak edo poltsa berezi batzuk eskatu zituzten gerturatu zirenek. Udalak aztertuko ditu proposamen hauek guztiak, baina faktore tekniko eta ekonomikoak kontuan hartu behar dira erabakiak hartu aurretik.

Organikoa ez diren beste frakzioentzako kuboak banatzeak gastu ekonomikoa dakar. Kubo gehiago eta bilketarako denbora luzeagoa beharko dugu. Kubo marroia soilik erabiltzen badugu, biltzaileek kubo bakarra izango dute kamioira hustu eta berriz bere lekuan uzteko. Gainontzeko frakzioak kamioira botatzearekin nahikoa izango da.

Arazo teknikoak ere sor daitezke. Kuboak hustutzerakoan, papera/kartoia ez da erraz erortzen kamioira eta ontzi arinentzat, bolumena dela eta,  kubo handiagoak beharko genituzke. Honez gain, egungo sukalde gehienak ez daude kubo asko izateko prestatuta. Etorkizuneko proiektuetan kontuan hartzen dira jada aspektu hauek, baina, oraindik orain, gure sukalde eta etxeak ez daude horretarako egoki prestatuta.

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): Berriak, Funtzionamendua, Parte-hartzea

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu