Atez atekoa, sistema erraza eta erosoa

Asteazkenean Ugaldetxoko eskoletan elkartu ginen eta auzotarrek hondakinak birziklatzeko erraztasunak eta erosotasunak eskatu zituzten. Kontenedore sistemarekin, hainbat eta hainbat hondakin birziklagarri zabortegira joaten dira birziklatzeko baliabiderik edo, baliabideak izanda, birziklatzeko erosotasunik ez dugulako.

091216 ugaldetxoko bilera

Atez atekoa martxan jartzean arazo hauek konpondu behar direla esaten zuten ugaldetxotarrek. Izan ere, auzotarren iritziz, bilketa sistema berriaren arrakastaren gakoetako bat izango omen da herritarrek birziklatzeko erraztasunak eta erosotasunak izatea. Eta arrazoia dute. Udal ordezkariek aipatu bezala, atez atekoarekin birziklatzeko ahalik eta baliabide gehien jarriko dira, eta gaizki egin nahi duenari gauzak zailduko zaizkio. Egoerari buelta emango zaio, alegia: egungo kontenedore sistemarekin gaizki egiteko erraztasun eta erosotasun guztiak ditugu, eta birziklatzeko, berriz, zailtasunak.

Atez atekoak dituen aukeren adibide dira herrian bertan oiartzuarrentzat eraikiko den garbigunea, egun plazan egoten den San Markoko furgoneta auzoetara jaistea, beiraren igluen zerbitzua hobetu eta indartzea, kaleko zakarrontziak bilketa sistema berrira egokitzea, pilen edukiontzi hori txikiak mantentzea…

Horiek eta beste hainbat zerbitzu izango dira baliagarri atez atekoa gero eta erosoagoa eta errazagoa izateko. Kontu honetarako ere ekarpenak jasotzea da auzoz auzoko bileren 2. errondaren helburuetako bat. Hurrengo abenduaren 23ra arte jarraituko du udalak lan horretan eta herritarrak bertan izatera animatu nahi ditu.

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): Berriak, Funtzionamendua, Parte-hartzea

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu