Aitor Etxeberria alkatearen iritzi artikulua Hitzan (09/11/19)

Hemen duzue Aitor Etxeberria alkateak lehengo azaroaren 12an Hitzan bertan azaldu zen beste iritzi artikulu baten harira egindako ausnarketa. Ea zer iruditzen zaizuen.

Oiartzunen, osasuna atez ate.

Egungo hondakinen kudeaketa sistemak goia jo du eta irtenbidea eman behar diogu. Irtenbideak bilatzeko garaian Oiartzungo Udalak herritarron osasuna bermatzea lehenetsiko du, beste edozein irizpideren gainetik. Horregatik jo dugu atez ateko bilketa selektibora, sistema horrek bakarrik bermatzen duelako herritarren osasuna: zabortegiak eta erraustegiak oso kaltegarriak dira herritarren eta ingurugiroaren osasunerako.

 

Egia da 5. kontenedoreak materia organikoa bereizita jasotzeko aukera ematen duela, bai. Egia da, beraz, birziklatze maila altuagoak lor genitzakeela. Egun, ez dugu materia organikorik konpostatzen eta 5. kontenedorearekin, batez beste, %35eko mailara hel gintezke bakarrik (atez atekoarekin lor dezakegunaren erdia). Horregatik, 5. kontenedoreak erraustegia behar du, azterketa askok erakusten duten moduan, horrek ekartzen dituen gaixotasun guztiekin: minbizia eta antzutasuna esate baterako. 

Ez dira bi aste pasa Eusko Jaurlaritzak Zabalgarbiko erraustegiari espedientea ireki zionetik, ura eta lurrak pozoitu dituelako. Hortaz, 5. kontenedorea ez da alternatiba egokia. Gainera, Donostiako Udalak Amarako auzoan martxan jarritako esperientzia pilotuaren jarraipena ez da ziurra; Udalaren 2010eko aurrekontuen menpe dago. 

Usurbilen, ordea, Kataluniako eta Europako hainbat herri nahiz hiritan bezala, hondakinak atez ate biltzen dira. San Markoseko Mankomunitateko eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiko datuen arabera, Usurbilen hondakinen %28a birziklatzetik %82ko maila gainditzera heldu dira iazko martxotik hona. Datu hauek gezurtatzeko batzuek diotenaren aurka, Usurbilgo hondakinen %36a ez da ondoko herrietan botatzen. Hau argitzeko, konpara ditzagun Lasarten, Donostian…iazko martxoa aurretik eta ondoren bota ziren hondakin tonak. Bestalde, lehen kontenedoreetara botatzen ziren bestelako hainbat hondakin (obra txikietako hondakinak, etxeko zenbait gailu…) orain Usurbilen bertan duten Garbigunera eramaten dira edota sortzaile pribatuak berak, legeak eskatu bezala, bere gestorearen bitartez bideratzen ditu. 

Honen guztiaren arabera, usurbildarrek sortzen duten hondakinen %18a da errefusa (birziklatu ezin den hondakina). Errefusa hori ez dago hondakin organikoekin nahasia, eta, ondorioz, ez dago degradazio prozesu kutsakorrik. Errefusa hori inerteen zabortegi batean gordetzen da eta kitto. Gezurra da erre behar denik. 

“Dena dago erabakitzeko?” galdetzen zuten orrialde hauetan orain egun batzuk. Galdera itzuli nahiko nioke egin zuenari, eta zera galdegin: ba al duzue ezer kontsultatzeko asmorik erraustegiaren inguruan? Ba al da erabakitzerik herritarren osasunaren aurka? Minbizia edo antzutasuna, zer aukeratu du berorrek? 

Udalak atez ateko hondakinen bilketaren aldeko apustua egin du, hori baita oiartzuarron osasuna zaintzeko eta babesteko aukerarik onena. Mendi eta Ingurumen Komisioan aho batez onartua dago proiektuaren nondik norako orokorrak azaltzen dituen hasierako txostena eta, orain, eztabaidatze eta erabakitze prozesuaren txanda da. Oiartzuar guztion artean erabaki behar dugu nolakoa izango den Oiartzungo atez ateko bilketa.

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): Sailkatugabeak, Berriak, Parte-hartzea

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu