Zabortegiak: bai ala bai

Izenburu hau jarri dio José Luis Paulín Seijas medikuak azkena idatzi duen iritzi artikuluari. Oiartzun ke?-ko kide ere bada eta bere iritzi artikuluan atez atekoak ez ezik errauste-plantak ere zabortegi bat behar duela dio. Zabortegiaren izaeran dago aldea: atez atekoak inerteen arriskurik gabeko errefusategi bat behar du eta erraustegiak, aldiz, sortutako errautsak pilatzeko zabortegi toxiko bat.

Zabortegiak: bai ala bai 

Nazioarteko zientzia-elkarteak dioenez, “materia ez da ez sortzen ez suntsitzen, eraldatu egiten da”. 

Egungo zabortegien betetzeak eta horrek ekarritako kutsadurak argi utzi du sortzen ditugun hondakinen kudeaketak arazoak dakarzkigula. Horiek horrela, azken urteotan hondakinak birziklatzeko ardura (ez hainbeste berrerabili, murriztu eta konpostatzekoa) hartu dugu eta zabortegiak jo ditugu zaborren kudeaketak ekarritako gaitz guztien iturritzat. 

Horregatik, gaur gaurkoz bi proposamen ditugu mahai gainean: 

1.- Errausketa: 4 edo 5 edukiontzirekin, “teorian” birziklatzen eta konpostatzen ez den guztia erre egingo da. Baieztapen horren arabera, zabortegirik behar ez denaren irudi faltsua saltzen zaie herritarrei. 

2.- Atez ateko gaikako bilketa: Aurrez birziklatu eta gainontzekoa errausten duten ereduekin baino birziklatze-maila askoz altuagoak lortzen dira sistema honekin. Aitzitik, sortzen den errefusa apurrak zabortegia behar du; inork entzun nahi ez duen hitz madarikatu hori, alegia. 

Azalpen honen ostean, Gipuzkoako errausketaren aurkako mugimendutik argi utzi nahi dugu honakoa: “zero zabor” helburua ez duen hondakinak kudeatzeko edozein sistemak behar du zabortegia. Zabortegi hori toxikoa edo inerteena izango da, baina zabortegia ezinbestekoa da. Gauzak horrela, “zero zabor” helburura iritsi bitartean inerteen hondakindegi bat badugu, gaitzerdi. Errausketak eta atez ateko bilketak behar dute zabortegia, aldea ezinbesteko duten zabortegi horren izaeran dago. 

1.- Errausketa: Plantan sartzen den guztiaren %90a erretzera hel daiteke, baina soberan geratzen den %10ak zabortegi askoren pisua jarriko digu gainean. 

- Errekuntzak uzten dituen errautsak bi motatakoak izan daitezke: Lehenak hegalariak (toxikoak) eta bigarrenak zepak (“teorian”, errekuntza egoki batekin, toxikoak izan behar ez luketenak). Errautsa hegalariek hondakin arriskutsuentzako zabortegi bat behar dute, edo bestela zementu bihurtu behar dira inerteak izan daitezen (honekin hondakinen bolumena handitzen da). Zepak eraikuntzako material gisa erabil daitezke, baina hainbat lekutan toxikoak direla ohartu dira eta zalantzan jarri dute material horien erabilgarritasuna eta kalitatea. Horregatik, errauste-planta askotan zepak pilatzen ari dira hondakin arriskutsuen zabortegietara noiz eramateko zain. Zabortegi horiek garestiak eta arriskutsuak dira, baina oraindik bada gehiago… 

- Zepak hozteko erabiltzen den ura, zaborra pilatzen den biltegian sortutako lixibiatuak eta filtroak kutsatuta egoten direnez, segurtasunezko zabortegiak behar dituzte. 

- Errauste-plantaren tximiniatik ateratzen diren gas eta partikula (orain toxikoak) tonak zoritxarrez izugarrizko zabortegia den atmosferara isurtzen dira. Airean geratzen direnek negutegi efektua eragiten dute eta erortzen direnek beste zabortegi bat sortzen dute; errauste-plantaren 15 kilometroko itzulinguruan sortzen den zabortegia, alegia. Hemen, beste zabortegi txiki batzuk jasotzen dituzte gure hondakinen hondarrak: inguruan ditugun eta gure elikagai diren landare, animalia eta urak, hain zuzen ere. Katea jarraituz, guk geronek eta gure seme-alabek gure hondakinen zabortegi izaten bukatuko dugu. 

2.- Atez ateko gaikako bilketa: Birziklatze-mailak %80-90era heltzen dira, eta “zero zabor” helburura begira jarriz gero %90a gainditzera ere hel daiteke sistema hau. Beraz, %10-20ko errefusa izaten jarraituko dugu eta zabortegia beharrezko izango zaigu. Hondakindegi honetara eramandako hondarrak inerteak dira, ez dira toxikoak, eta, hortaz, ez da zabortegi toxiko eta arriskutsurik behar horiek metatzeko. Errefusategi horietan materia organikorik ez denez egongo, usain txarrak, gasak eta, orokorrean, kutsadura ekidingo ditugu. Gainera, hondakindegi honen kudeaketa toxikoena baino merkeagoa da. 

Hona hemen adibide bat. Sanmarkoko zabortegia ireki zenean atez atekoa hedatua eta martxan egon izan balitz, itxi zen garaian bere edukieraren %10-20a soilik egongo zen betea eta hau gutxi balitz, ez luke arazorik emango. 

Hala ere, atez ateko bilketak ezinbestekoa du hondakindegi bat eta non jarriko ote den galdetzen diogu gure buruari. Gure lurralde txikia itotzen ari diren hainbat azpiegiturak behar duten lekuaren zati nimiño bat nahikoa da aipatu diren ezaugarriak izango dituzten errefusategiak egiteko. Eta horretaz ari garela, non jarriko litzateke errauste-plantak ezinbestekoa duen zabortegi toxikoa? 

“Materia ez da ez sortzen ez suntsitzen, eraldatu egiten da”. Zertan eraldatzen den? Hori gure esku dago. 

José Luis Paulín Seijas. Medikua eta Oiartzun ke? taldeko kidea.

Etiketa(k): , , , , ,
Saila(k): Sailkatugabeak

iruzkin 1 oraingoz

  1. Hola.Me ha encantado el articulo que publicais, y sobre todo volver a reencontrarme con ese gran hombre al que conoci en mi juventud en la fiestas de Sorzano como es Jose Paulin.
    Siempre le recuerdo con enorme amor y esa juventud que desprendia por cada poro de su piel.
    Me alegra ver como se ha transformado en un hombre comprometido y una gran persona.
    No creo que el ya me recuerde, ni que quizás lea el comentario, pero yo nunca le olvide.
    Gracias por ser como sois.
    Abrazos solidarios.

    2011 Urtarrilak 6

iruzkina gehitu

  1. Konektatu