Bakoitzari berea

Merkatari eta ostalariekin beren beharrak definitzen saiatu gara. Gehienek oraindik ez dakite ziur zein kantitate ateratzen duten hondakin frakzio bakoitzetik. Informazio bulegoko teknikariak banakako bisitetan dabiltza, eta poliki-poliki beharrak identifikatzen nahiz  ekarpenak jasotzen ari dira.

Etxez etxeko zerbitzua oinarri hartuta, merkatari eta ostalariek zerbitzu gehigarriak izateko aukera izango dute. Egun ez bezala, ordaindutako tasa jasotako zerbitzuaren araberakoa izatea lortu nahi dugu.

Kostuak ahalik eta gehien murriztuz, zerbitzurik osoena jasotzea da helburua. Horretarako, zerbitzu gehigarrien eta lokalean hondakinak izateko dugun lekuaren arteko orekan dago gakoa. Dendan, tabernan edo jatetxean hondakinak izateko lekua badugu, ez dugu zerbitzu gehigarririk beharko eta, beraz, ez dugu kostu gehigarririk ere izango.

Irizpide hau kontuan hartuta, hainbat aukera landu genituen bileran. Alde batetik, zerbitzu gehiagarriak ahalik eta merkatari eta ostalari gehienen artean eskatzeaz hitz egin genuen, kostu gehigarriak ahalik eta gehienen artean partekatzeaz, alegia. Bestalde, garbiguneak leku arazoak konpon ditzakeela ere komentatu zen. Izan ere, proposatu daiteke garbigune fijoan merkatari eta ostalarien hondakinak jasotzeko gune bat finkatzea.

Jordi Colomer San Marko Mankomunitateko teknikaria bileretan izan da eta gerturatu direnek bere Kataluniako esperientziez… galdetzeko aukera izan dute.

Iruzkina gehitu

Gurutzeren ezaugarriak ikusita, bizilagunek atez ate noraino bilduko den galdetu ziguten. Hotelaren parean dagoen biribilguneraino edo Arkaleko bidean gora abiatuta dagoen frontoia pasa osteko etxebizitzaraino hel litezke biltzaileak atez ate biltzera. Gainontzeko auzotarrentzat, aportazio guneak aurreikusten dira. Ez da ekonomikoki bideragarria Oiartzun guztiko etxeetan hondakinak atez ate biltzea eta aportazio guneak dira honi irtenbidea emateko alternatiba.

091210 gurutzeko bilera

Aportazio guneak ez dira denen eskura dauden lekuetan kokatuko, arazotsua izan bailiteke. Aparkalekuetan, gune urbanoan… jartzea lortu behar da eta ez Usategietako sarrera bezalako toki anonimo eta isolatuetan. Etxola itxiak izango dira eta gune bat erabiltzen duten herritar guztiek giltza berdina izango dute bertan sartzeko eta beren hondakinak aportazio guneetan egongo diren 4 kontenedoreetan uzteko.

Egia da hainbat oiartzuarrek ez dutela beren hondarrak etxe atarian uzteko aukerarik izango eta, beraz, deserosutasun gehiago izango dituztela hondakinak ateratzeko garaian. Horregatik, herritar hauei bestelako erraztasunak eskaintze aldera, aportazio guneek ez dute ordutegi eta frakzioentzako maiztasun-egutegi definiturik izango.

Iruzkina gehitu

Aurpegi berri asko

Asteazkenean hasi genuen eztabaida eta erabakitze prozesuko auzoz auzoko bileren 2. erronda. Elizaldetarren txanda izan zen udaletxeko pleno aretoan. Elkartu ginetatik batzuk ez ziren 1. bileran izan eta ez da seinale txarra, horrek herritar gehiagori informazio zuzena helarazteko eta ekarpen gehiago jasotzeko aukera izaten ari garela esan nahi baitu.

091213 bilera elizalde

Talde lanetik ateratako ondorioen arabera, auzotarrek papera/kartoia eta ontzi arinentzako poltsa estandar batzuk edo eskatu dituzte txukuntasuna eta erosotasuna argudiatuz. Jakitun dira honek dakartzan kostuez, baina proposamen egokia dela uste dute. Gauzak horrela, udalak aztertuko ditu horretarako aukerak.

Zintzilikailuen bidezko bilketa sistema eta emergentzi guneen funtzioa begi onez ikusi badira ere, izan da ekarpenik. Pertxen eta emergentzi guneen arrakasta, hein handi batean, kokapenaren baitan dago. Pertxei dagokionean, etxeko ataritik ahalik eta gertuen eta biltzaileentzako leku erosoan jarri behar dira. Bi faktore horien arteko oreka topatu behar da. Portaletik zenbat eta urrunago eduki gantxoa, orduan eta inpertsonalagoa izango da eta horrek arazoak sor diezazkiguke.

091209 bilera elizalde2

Emergentzi guneak, aldiz, eskura ez ditugun tokietan egon behar lukete. Izan ere, horixe bera da beren funtzioa, emergentzi kasuetarako izatea. Bileren 1. errondan irekita edo itxita egon beharko luketen eztabaidatu da. Elizaldeko bizilagunek irekita egotearen aldeko jarrera azaldu dute. Egoera okertzen hasiz gero, izango da denbora ixteko.

Argi dago gauzak ondo egiten badakigula eta konfiantzaz ekin behar zaio erronkari. Denok eta denon artean egin behar dugu aurrera.

Iruzkina gehitu

2.orrialdea« Aurrekoa12