Udal teknikariak aste honetan hasi dira kubo marroiekin banatu gabe geratutako kodeak postaz bidaltzen, aportazio-guneetako giltzak banatzen eta komertzioetara ontziak eramaten.  

Oiartzungo Udala datorren maiatzaren 23an hasiko da hondakinak atez ate biltzen, eta “herritarrei zerbitzu oso eta erosoa” emateko azken prestaketa lanetan dabil. 

Udal teknikariek postaz bidali dizkiete herritarrei kubo marroietan jartzeko banatzeke zeuden kodeak. Izan ere, ontzi marroiak banatzeko orduan teknikariek ezin izan zituzten kode guztiak entregatu, eta ontziarekin batera koderik jaso ez zuten herritar guztiek orain etxean jasoko dituzte norberak bereak. Zintzilikailuetan teknikariek beraiek jarriko dituzte kodeak. 

100513 komertzioetan kuboak entregatzen web

Honez gain, aportazio-guneetako giltzak jasotzeko epea ere irekita dago. Atez ateko informazio bulegoan banatuko dituzte gaurtik, maiatzaren 13tik, 20ra. Aportazio-guneak landa eremuan bizi diren oiartzuarrentzat prestatutako etxolak dira, herritar hauei ez baitzaizkie hondakinak atez ate jasoko. Giltzaz itxita egongo direnez, landa eremuan bizi diren guztiei bidali zaie eskutitza  norberari dagokion aportazio-puntuko giltzaren bila atez ateko informazio bulegora etortzeko eskatuz. Arragua eta Ugaldetxokoek ez dute eskutitzik jaso. Izan ere, beraiei dagokien aportazio-gunea ez da itxita egongo, larrialdi-puntu bezala ere funtzionatuko duelako. 

Herritarren batek dagokion koderik jasoko ez balu edo aportazio-guneko giltza jasotzeko arazorik izango balu, “atez ateko informazio bulegora deitzeko edo gerturatzeko” deia egin dute udaletik. Done Eztebe plazan dago bulegoa eta astelehenetik ostiralera egoten da irekita 09:00tik 13:30era eta 15:30etik 19:00ra. Posta elektronikoa (atezate@oiartzun.org) edo webgunea (www.oiartzunatezate.org) ere erabil daitezke zalantzak argitzeko eta galderak egiteko. 

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu