Gai asko landu ditugu Arraguako elizan eta Altzibarko eskoletan, baina bada bat indarrez eta bi bileretan azaldu dena: Non jarriko dira zintzilikailuak?

091223 altzibarko bilera

Bizilagunek proposamen zehatzak eta ideia jakinak eskatu dituzte gai honen inguruan. Gauzak horrela, udal ordezkariek honen gaineko bere asmoen berri eman dute. Urtarrilan, etxeetako administrari eta presidenteei eskutitza bidaliko zaie bizilagunen artean pertxen kokalekua adostu dezaten eta beren proposamenak informazio bulegora ekar ditzaten. Arragua Behean esan bezala, bizilagun asko bizi den etxebizitzetan, edukiontziek zintzilikailuak ordezka ditzakete eta ekarpen horiek guztiak ere jaso eta aztertu nahi ditu udalak.

Urtarrilaren 14an aurkeztuko den proiektuaren zutabeak auzoz auzo, landa-eremuko bizilagun, merkatari eta ostalariekin egindako bileretan definitu ostean, ordutik aurrerako lekuan lekuko xehetasunak ere herritarrekin adostea da udalaren helburua.

Iruzkina gehitu

Atzo ilunabarrean Aldeguna elkartean bildu ginen. Bizilagunek bazekiten aste honetan bertan bukatuko dela eztabaida eta erabakitze prozesuko bileren 2. erronda eta udaberrian atez atekoa martxan jarri arteko epean zein pauso emango diren galdetu zuten.

091221 arragua goi bilera

Enrike Lekuona hirigintza zinegotziak azaldu bezala, udalak herritarrekin kontaktuan jarraituko du atez atekoa martxan jarri aurretik nahiz ondoren. Eztabaida eta erabakitze prozesuaren helburua Oiartzunen martxan jarriko den atez ateko bilketa proiektua definitzea da. Hemendik aurrera, sistema fintzen eta xehetasunak lotzen jarraituko da, baina ekarpen eta zalantzak in situ jasota: Bizilagun eta administrariekin zintzilikailuak non jarri adostu behar da, kuboak eta atez atekoari dagokion informazio praktikoa banatuko da etxez etxe… 

Honez gain, zalantza praktikoagoak ere azaldu ziren bileran. Garbigunearen kokalekuaz aritu ginen. Oiartzuarren mugimendu-ohituren baitan, garbigunea Ugaldetxo eta Arragua artean kokatzea da egokiena. Hasieran arraguatarrek ez zuten oso begi onez hartu aukera hau, baina azaldu zitzaien garbigunea ez zela gune urbanoan jarriko. Udala garbigunearen kokalekua definitzeko azken hariak lotzen ari da.

Iruzkina gehitu

Pasa den ostiralean landa-eremuko bizilagunen txanda izan zen udal bibliotekan. Aportazio guneak dira beraiei gehien eragingo dieten berrikuntzetako bat eta horretara ere jarriko direla zioten.

Egungo edukiontzi soterratuak eta kontenedoreak kenduta, aportazio guneak izango dira landa-eremurako alternatiba. Ordutegi eta egutegi jakinik izango ez duten etxola giltzatuak dira aportazio guneak. Kontenedore hori, urdin, marroi eta grisa egongo dira eta bertara sartzeko giltza duten bizilagunek han utziko dituzte beren hondakinak. Landa-eremuko oiartzuar guztiei hondakinak atez ate biltzea ez da ekonomikoki bideragarria. Horregatik eraikiko dira aportazio guneak.

Bileran izan zirenek begi onez ikusi zuten aportazio guneen bidezko bilketa sistema, baina egin zituzten beren ekarpenak ere. Beiraren iglua ere etxolan bertan egon daitekeela proposatu zuten; erosotasunagatik, batez ere. Etxean hildako animalien larruak, tripak… uzteko lekua ere eskatu zuten. Honen aurrean, Udalak garbigunean kontenedore berezi bat egotea aurreikusten du.

Iruzkina gehitu

Lehengo ostegunean Ergoiengo Auzokalte elkartean bildu ziren herritarrek atez ate bilduko diren hondakinek non bukatuko duten galdetu zuten. Udal ordezkariek azaldu bezala, egokiena herri bakoitzak bere hondakinak kudeatu eta tratatzea izango litzateke. Izan ere, udal bakoitzaren konpetentzia da bere hondakinak biltzea eta norberak berea gestionatu beharko luke. Honetara heltzea da Oiartzungo Udalaren helburua.

091217 ergoiengo bilera

Atez ate biltzen hastean Udalak papera/kartoia Lanbarrengo plantara eramango ditu, ontzi arinak Urnietakora eta hondakin organikoak Azpeitiko Lapatxeko konposta makinara. Birziklatu ezin diren materialak, hasiera batean, San Markoko transferentzia plantara eramango dira. Beiraren gestioaz Ecovidriok jarraituko du arduratzen eta iglu berdeetan jasotako materiala Laudion dagoen plantara eramaten segiko du.

Hasiera batean horrela kudeatuko dira Oiartzungo hondakinak, baina hobekuntzak egiten joatea da udalaren nahia. Materia organikoaren tratamendurako Oiartzundik gertuago konposta planta bat izatea lortu nahi da eta errefusa, aldiz, inerteen zabortegi batera eramatea da egokiena; ez baita toxikoa izango. Hobekuntzak eginez, herriko hondakinak gero eta hobeto kudeatu eta tratatzea izango da helburua.

Iruzkina gehitu

Asteazkenean Ugaldetxoko eskoletan elkartu ginen eta auzotarrek hondakinak birziklatzeko erraztasunak eta erosotasunak eskatu zituzten. Kontenedore sistemarekin, hainbat eta hainbat hondakin birziklagarri zabortegira joaten dira birziklatzeko baliabiderik edo, baliabideak izanda, birziklatzeko erosotasunik ez dugulako.

091216 ugaldetxoko bilera

Atez atekoa martxan jartzean arazo hauek konpondu behar direla esaten zuten ugaldetxotarrek. Izan ere, auzotarren iritziz, bilketa sistema berriaren arrakastaren gakoetako bat izango omen da herritarrek birziklatzeko erraztasunak eta erosotasunak izatea. Eta arrazoia dute. Udal ordezkariek aipatu bezala, atez atekoarekin birziklatzeko ahalik eta baliabide gehien jarriko dira, eta gaizki egin nahi duenari gauzak zailduko zaizkio. Egoerari buelta emango zaio, alegia: egungo kontenedore sistemarekin gaizki egiteko erraztasun eta erosotasun guztiak ditugu, eta birziklatzeko, berriz, zailtasunak.

Atez atekoak dituen aukeren adibide dira herrian bertan oiartzuarrentzat eraikiko den garbigunea, egun plazan egoten den San Markoko furgoneta auzoetara jaistea, beiraren igluen zerbitzua hobetu eta indartzea, kaleko zakarrontziak bilketa sistema berrira egokitzea, pilen edukiontzi hori txikiak mantentzea…

Horiek eta beste hainbat zerbitzu izango dira baliagarri atez atekoa gero eta erosoagoa eta errazagoa izateko. Kontu honetarako ere ekarpenak jasotzea da auzoz auzoko bileren 2. errondaren helburuetako bat. Hurrengo abenduaren 23ra arte jarraituko du udalak lan horretan eta herritarrak bertan izatera animatu nahi ditu.

Iruzkina gehitu

091215 karrikako bileraEtxerako lanak eginda eta hondakinen bilketa sistema berriari ekiteko gogoz azaldu ziren Karrikako bizilagunak Artaso elkartera. Aurpegi berri asko izan arren, ondo informatuta etorri ziren eta eman ziren xehetasun berriak apuntatu eta apuntatu aritu ziren.

Usurbilen bizitutako auzotar batek berak azaldu zigun kubo marroia hondakin organikoekin betetzea ez dela hain erraza eta astean hirutan jasotzea nahikoa dela. Arazorik ez izateko trukuak ere eman zituen: etxean dugunean kuboa irekita eduki eta arrainik edo jaten dugunean, sukaldeko paperean bilduta utzi. Konposta kaxaren mekanika ere ezagutzen zuten. Badira jada praktikan jarria dutenak eta hauetako batek esplikatu zigun kaxak nola funtzionatzen duen.

Oso gustura egon ginen eta udal ordezkariek ere ikasi zituzten gauza berriak. Karrikatarrak, bejondeizuela!

Iruzkina gehitu

091214 iturriozko bileraIturriozko Iturri-Berri elkartean bi taldetan aritu ginen lanean atzo ilunabarrean. Auzotarrek hondakin batzuk zein frakzioren parte ote ziren galdetzen zuten. Hainbat ez ditugu egunero sortzen eta beste batzuek, berriz, material asko izaten dituzte nahastuta. Normala denez, zalantzak sortzen zaizkigu hondakin hauek nola birziklatu behar ditugun jakiteko garaian. Baditugu gauzak erraztuko dizkiguten oinarrizko irizpide batzuk (material birziklagarriak identifikatzen dituzten geziak…), baina, bestela, beti izango dugu gure hondakinak garbigune mugikor zein finkora eramateko aukera. 

Papera eta kartoia zintzilikailura nola ateratzearen kontua da bileretan bolo-bolo dabilen gaietako bat. Auzo askotan ari gara horretaz hizketan. Iturriotzen, nagusiki, herriko komertzioetan paperezko poltsak salmentan jartzea eskatu zuten. Argi dago udalak gai hau landu eta alternatibak proposatu behar dituela. Horretan dabil, herritarren ekarpenak aztertzen eta aukerak lantzen.

Iruzkina gehitu

Bakoitzari berea

Merkatari eta ostalariekin beren beharrak definitzen saiatu gara. Gehienek oraindik ez dakite ziur zein kantitate ateratzen duten hondakin frakzio bakoitzetik. Informazio bulegoko teknikariak banakako bisitetan dabiltza, eta poliki-poliki beharrak identifikatzen nahiz  ekarpenak jasotzen ari dira.

Etxez etxeko zerbitzua oinarri hartuta, merkatari eta ostalariek zerbitzu gehigarriak izateko aukera izango dute. Egun ez bezala, ordaindutako tasa jasotako zerbitzuaren araberakoa izatea lortu nahi dugu.

Kostuak ahalik eta gehien murriztuz, zerbitzurik osoena jasotzea da helburua. Horretarako, zerbitzu gehigarrien eta lokalean hondakinak izateko dugun lekuaren arteko orekan dago gakoa. Dendan, tabernan edo jatetxean hondakinak izateko lekua badugu, ez dugu zerbitzu gehigarririk beharko eta, beraz, ez dugu kostu gehigarririk ere izango.

Irizpide hau kontuan hartuta, hainbat aukera landu genituen bileran. Alde batetik, zerbitzu gehiagarriak ahalik eta merkatari eta ostalari gehienen artean eskatzeaz hitz egin genuen, kostu gehigarriak ahalik eta gehienen artean partekatzeaz, alegia. Bestalde, garbiguneak leku arazoak konpon ditzakeela ere komentatu zen. Izan ere, proposatu daiteke garbigune fijoan merkatari eta ostalarien hondakinak jasotzeko gune bat finkatzea.

Jordi Colomer San Marko Mankomunitateko teknikaria bileretan izan da eta gerturatu direnek bere Kataluniako esperientziez… galdetzeko aukera izan dute.

Iruzkina gehitu

1.orrialdea123Hurrengoa »