Kataluniako TV3 telebista lokalak etxeko konpostari buruzko erreportaia bat bota zuen atzo “Espai Terra” programaren barne. Oso interesgarria da etxean konpostatzen dutenentzat, baita konpostari buruzko informazioa nahi duen ororentzat ere.

Ikusi bideoa

Iruzkina gehitu

Herritar askok eman du izena etxean bertan beren materia organikoa konpostatzeko, eta Aste Santutik bueltan, ikastaroen bigarren erronda bat egingo da datorren astelehenetik hasita. Hilaren 12tik 23ra egunero-egunero izango dira ikastaroak. 

100315 1. txandako konposta ikastaroa

Oraingo txanda honetan, autokonpostatzen hasteko izena eman berri dutenez gain, lehendik ere etxean konpostatzen dutenengana zuzenduta daude ikastaroak. Izan ere, udal teknikariak hondakin organiko guztia nola konpostatu irakasten ari dira, eta lehendik autokonpostatzen dutenek, baliteke, gaur gaurkoz hondakin organiko gordinak soilik erabiltzea horretarako. Oiartzungo Udalak %20ko hobaria eskainiko die beren materia organiko guztia konpostatzen duten familiei. Izan ere, ez du hondakin organiko horien bilketa eta tratamendu gasturik izango udalak. 

Informazio bulegoko teknikariak ari dira ikastaroak antolatzen. Izena eman eta oraindik deirik edo mezurik jaso ez duena Done Eztebe plazan dagoen atez ateko informazio bulegotik pasa daiteke ikastaroa egiteko ordua hartzera. Bertaratzeko zailtasunak izanez gero, telefonoz (900 49 11 11), emailez (atezate@oiartzun.org) edo webgunean (www.oiartzunatezate.org) ere eska daiteke ikastaroa egiteko hitzordua. Izena emateko epeak ere irekita darrai, eta hala nahi duenak aipatu berri diren edozein bide erabil dezake horretarako. 

Iruzkina gehitu

Herritar ugarik eman du izena etxean konposta egiten hasteko, eta aste honetan bertan hasi diren ikastaroak hurrengo martxoaren 26a arte luzatuko dira. Atez ateko informazio bulegoko teknikariak herritarrei deika ari dira, baina oraindik deirik jaso ez duena bulegora bertaratu daiteke ikastaroa noiz egin nahi duen jakinaraztera; telefonoz ere jar daiteke hitzordua 900 49 11 11 doako zenbakira deituta. 

100312 konposta ikastaroa

Ikastaroak ordubetekoak dira eta saioa bukatu bezala jasotzen dute herritarrek beren konposta-kaxa. Astelehenetik ostiralera, egunero bi ikastaro egiten ari dira: bata goizean 9:30ean eta bestea ilunabarreko 19:30ean. Bizilagunen eskaerak ikusita, gaztelerazko saio bana ere izango da astero. 

Kanpaina oso arrakastatsua izaten ari da  

Eguberrietatik hona, 430 familiak eman dute etxean konpostatzeko izena. Lehendik 170 familiak autokonpostatzen zutela jakinik, Oiartzunen 600 familia arduratuko dira beren materia organiko guztia beren kabuz kudeatzeaz. Familia horiek guztiek hondakinak murriztu, ongarria sortu eta ingurumenari mesede egingo diote. 

Udaleko ordezkariak oso pozik daude kanpainak izan duen emaitzarekin. Alkateak adierazi duenez, “herrian etxeko konposta egin dezaketen familien erdiaz ari gara hizketan, eta hori emaitza oso ona da. Bide honetatik jarraituz gero, Oiartzun Euskal Herriko herririk konpostatzaileena izatea lortuko dugu. Argi ikusi dugu, baliabideak eskura jarriz gero, herritarrek asmo onez eta gogoz erantzuten dutela”. 

Izena eman duten familia guztiek doako ikastaroa, konposta kaxa eta zazpi hilabeteko aholkularitza teknikoa izango dituzte eskura. Honez gain, datorren urteko hondakinen tasan %20ko hobaria izango dute. Izan ere, Udalak ez du beren hondakin organikoak biltzen eta tratatzen gasturik izango. Hala nahi duena, oraindik izena emateko garaiz da.

Iruzkina gehitu

konpostaHerritarren aldetik jasotako erantzun ona ikusita, Oiartzungo Udalak etxean konpostatzen hasteko izena emateko epea urtarrilaren 29ra arte luzatzea erabaki du. Hala nahi duenak, orain arte bezala, Done Eztebe plazako atez ateko informazio bulegoan, telefonoz (900 49 11 11), emailez (atezate@oiartzun.org) edo webgunean (www.oiartzunatezate.org) eman dezake izena. 

Orain arte 350 familia animatu dira etxeko konpostari ekitera, eta atez atekoaren gaineko aholkularitza lanetan dabilen Jon Kortajarena teknikariak datu honen garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Ez gara aspertuko etxeko konposta atez ateko bilketa sistemaren zutabe garrantzitsuenetako bat dela esaten. Izan ere, autokonpostarekin familiako urtean 500 kilo hondakin gutxiago sortzea lortzen da eta, beraz, sistema osoaren antolaketa errazagoa izango da”. 

Kortajarenak azaldu bezala, denok aterako gara irabazten. Udalak bilketa erraztu eta azkartzeaz gain, etxean konposta egiteko aukera duten herritarrek beren gisara kudeatuko dituzte sortzen dituzten hondakin organikoak, ez dituzte egun jakinetan zintzilikailuan utzi beharko. Gainera, konposta-kaxatik lorategi eta baratzarako ongarria lortuko dute. 

“Herritarrak apustuari ekiteko prest daude” 

Udala autokonposta bultzatzeko eskura dituen baliabide guztiak martxan jartzen ari da. Izena emateko epea bukatuta, hondakin organikoak beren kabuz konpostatzen hasten diren herritarrek doako ikastaroak, konposta-kaxak, 7 hilabeteko udal teknikari talde baten jarraipen eta aholkularitza teknikoa, eta urteroko zaborren tasan %20ko hobaria izango dituzte. Alkatearen hitzetan, “argi ikusi dugu, bitartekoak eskura jarriz gero, herritarrak apustuari ekiteko prest daudela”. Orain arteko emaitzak ikusita eta aurreikuspenak kontuan izanda, oiartzuarrek autokonpostarekin lor ditzaketen emaitzak oso onak izateko bidean dira.

Iruzkina gehitu

konposta2Atez ateko bilketaren baitan hasi du udalak etxeko konposta bultzatzeko kanpaina eta pozik daude herritarrak izaten ari diren erantzunarekin. Urte hasieratik hona, 260 familiak eman dute etxean konposta egiten hasteko izena, eta hiru astean San Marko Mankomunitateak lau urtean jasotako emaitzak hobetzea lortu da. Hala nahi duenak, urtarrilaren 22ra arteko epea du izena emateko. Done Eztebe plazako atez ateko informazio bulegoan, telefonoz (900 49 11 11), emailez (atezate@oiartzun.org) edo webgunean (www.oiartzunatezate.org) egin daiteke eskaera. 

Etxeko konposta atez ateko bilketa sistemaren zutabe garrantzitsuenetako bat da. Izan ere, autokonpostarekin familiako urtean hondakin tona erdi bat gutxiago sortzea lortzen da eta, beraz, sistema osoaren antolaketa errazagoa izango da. 

Udaletik azaldu duten bezala, “denona da hondakinen arazoa eta denok dugu irtenbidea emateko aukera. Etxeko konpostaren bitartez, sukaldean sortzen diren hondakin organikoak erraz birziklatu eta ongarria lortzeko aukera dute baratza edo lorategia duten oiartzuarrek, eta horretarako ahalik eta baliabide gehien jartzea da gure helburua”. 

%20ko hobaria hondakinen tasan 

Beren materia organikoa etxean bertan konpostatzen duten oiartzuarrek %20ko hobaria izango dute hondakinen tasan. Izan ere, Aitor Etxeberria alkateak esan bezala, “familia hauen hondakin organikoek ez dute bilketa eta tratamendu gasturik izango eta horrek islada izan behar du ordaindutako tasan”. 

Honez gain, etxean konposta egin ahal izateko erraztasunak jarri nahi ditu udalak eta izena ematen duten bizilagunek doako ikastaroak, konposta-kaxak eta zazpi hilabeteko jarraipen teknikoa izango dituzte eskura. Otsailean izango dira ikastaroak eta honen ostean, konposta-kaxak banatuta, udal teknikari talde baten aholkularitza jasotzeko aukera izango dute etxean bertan konpostatzeari ekiten dioten herritarrek.

 

 

Iruzkina gehitu