Atzo ilunabarreko 19:30ean eztabaida eta erabakitze prozesuko 3. eta azken batzarra izan zen udaletxeko pleno aretoan.Udal ordezkariek eta informazio bulegoko teknikariek azaldu bezala, “atez atekoak Oiartzunen izango duen funtzionamenduaren oinarriak finkatuta daude eta hemendik aurrerako helburua lekuan lekuko xehetasunak definitzen joatea da”. 

100114 3osoko batzarra Orain arte hartutako erabakiak udalaren azterketa teknikoen eta auzoz auzo, landa eremuko bizilagunekin eta merkatari nahiz ostalariekin egin diren bileretan jasotako ekarpenen fruitua dira. Enrike Lekuona hirigintza zinegotziak, egindako bilerak herritar askorengana heltzeko bidea izan direla eta, beraz, jasotako ekarpenak atez ateko bilketa oiartzuarren beharretara ahalik eta ongien egokitzeko baliagarriak direla azpimarratu zuen. 

Oiartzungo kaleetako hondakinak gauez bilduko dira. Bizilagunek 20:00etatik 22:00ak arteko tartea izango dute egunean eguneko hondakinak ateratzeko. Astean hirutan materia organikoa, bitan ontziak eta behin papera nahiz errefusa (birziklagarriak ez diren hondarrak) jasoko dituzte biltzaileek. Pixoihalak eta konpresak errefusa diren arren, egunero atera ahal izango dira egunean eguneko hondakin frakzioarekin batera. Bileretan jasotako proposamenak aztertuta, papera eta kartoia plastikozko poltsetan ateratzeko aukera ere izango da. 

Zintzilikailuen kokapena 

Gune urbanoan bizi diren oiartzuarrek begi onez ikusi dute bilketarako zintzilikailuak erabiltzea. Hemendik aurrera, pertxa hauek atari bakoitzean izango duten kokapena da definitu beharrekoa. Aholkularitza lanetan dabilen Jon Kortajarena teknikariak azterketa lanetan dabiltzala azaldu zuen. “Udalak bere proiektua egingo du atari bakoitzerako eta bizilagunek aurrez jakinarazitako 15 eguneko epea izango dute proposamena ikusi eta kontrastatzeko”.

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

OIARTZUN - tarjetonBihar arratsaldeko 7:30etan izango da eztabaida eta erabakitze prozesuko 3. eta azken osoko batzarra udaletxeko pleno aretoan.

Orain artekoa baloratu eta hartutako erabakiak aurkeztuta, hemendik aurrerako pausoen berri emango dute udal ordezkariek. Erabakitzen jarraituko dugu. Atez atekoaren zutabe nagusiak finkatuta, lekuan lekuko xehetasunak definitzeko garaia da orain.

Iruzkina gehitu

Gai asko landu ditugu Arraguako elizan eta Altzibarko eskoletan, baina bada bat indarrez eta bi bileretan azaldu dena: Non jarriko dira zintzilikailuak?

091223 altzibarko bilera

Bizilagunek proposamen zehatzak eta ideia jakinak eskatu dituzte gai honen inguruan. Gauzak horrela, udal ordezkariek honen gaineko bere asmoen berri eman dute. Urtarrilan, etxeetako administrari eta presidenteei eskutitza bidaliko zaie bizilagunen artean pertxen kokalekua adostu dezaten eta beren proposamenak informazio bulegora ekar ditzaten. Arragua Behean esan bezala, bizilagun asko bizi den etxebizitzetan, edukiontziek zintzilikailuak ordezka ditzakete eta ekarpen horiek guztiak ere jaso eta aztertu nahi ditu udalak.

Urtarrilaren 14an aurkeztuko den proiektuaren zutabeak auzoz auzo, landa-eremuko bizilagun, merkatari eta ostalariekin egindako bileretan definitu ostean, ordutik aurrerako lekuan lekuko xehetasunak ere herritarrekin adostea da udalaren helburua.

Iruzkina gehitu

001222 gazte izanakGaur goizean “Gazte Izanak” elkartean izan gara herriko erretiratuei atez atekoaren nondik norako orokorrak azaltzen. Hala ere, egokiena esperientzia bertatik bertara ezagutzea da eta, horretarako, Usurbil aldera irtenaldia antolatu da urtarrilaren 4rako. Nahi duenak aukera du “Gazte Izanak”en bertan izena emateko. Goizean aterako dira Oiartzundik eta eguerdian bueltatuko dira Usurbilgo atez atekoaren funtzionamendua ezagututa.

Iruzkina gehitu

Atzo ilunabarrean Aldeguna elkartean bildu ginen. Bizilagunek bazekiten aste honetan bertan bukatuko dela eztabaida eta erabakitze prozesuko bileren 2. erronda eta udaberrian atez atekoa martxan jarri arteko epean zein pauso emango diren galdetu zuten.

091221 arragua goi bilera

Enrike Lekuona hirigintza zinegotziak azaldu bezala, udalak herritarrekin kontaktuan jarraituko du atez atekoa martxan jarri aurretik nahiz ondoren. Eztabaida eta erabakitze prozesuaren helburua Oiartzunen martxan jarriko den atez ateko bilketa proiektua definitzea da. Hemendik aurrera, sistema fintzen eta xehetasunak lotzen jarraituko da, baina ekarpen eta zalantzak in situ jasota: Bizilagun eta administrariekin zintzilikailuak non jarri adostu behar da, kuboak eta atez atekoari dagokion informazio praktikoa banatuko da etxez etxe… 

Honez gain, zalantza praktikoagoak ere azaldu ziren bileran. Garbigunearen kokalekuaz aritu ginen. Oiartzuarren mugimendu-ohituren baitan, garbigunea Ugaldetxo eta Arragua artean kokatzea da egokiena. Hasieran arraguatarrek ez zuten oso begi onez hartu aukera hau, baina azaldu zitzaien garbigunea ez zela gune urbanoan jarriko. Udala garbigunearen kokalekua definitzeko azken hariak lotzen ari da.

Iruzkina gehitu

Pasa den ostiralean landa-eremuko bizilagunen txanda izan zen udal bibliotekan. Aportazio guneak dira beraiei gehien eragingo dieten berrikuntzetako bat eta horretara ere jarriko direla zioten.

Egungo edukiontzi soterratuak eta kontenedoreak kenduta, aportazio guneak izango dira landa-eremurako alternatiba. Ordutegi eta egutegi jakinik izango ez duten etxola giltzatuak dira aportazio guneak. Kontenedore hori, urdin, marroi eta grisa egongo dira eta bertara sartzeko giltza duten bizilagunek han utziko dituzte beren hondakinak. Landa-eremuko oiartzuar guztiei hondakinak atez ate biltzea ez da ekonomikoki bideragarria. Horregatik eraikiko dira aportazio guneak.

Bileran izan zirenek begi onez ikusi zuten aportazio guneen bidezko bilketa sistema, baina egin zituzten beren ekarpenak ere. Beiraren iglua ere etxolan bertan egon daitekeela proposatu zuten; erosotasunagatik, batez ere. Etxean hildako animalien larruak, tripak… uzteko lekua ere eskatu zuten. Honen aurrean, Udalak garbigunean kontenedore berezi bat egotea aurreikusten du.

Iruzkina gehitu

Lehengo ostegunean Ergoiengo Auzokalte elkartean bildu ziren herritarrek atez ate bilduko diren hondakinek non bukatuko duten galdetu zuten. Udal ordezkariek azaldu bezala, egokiena herri bakoitzak bere hondakinak kudeatu eta tratatzea izango litzateke. Izan ere, udal bakoitzaren konpetentzia da bere hondakinak biltzea eta norberak berea gestionatu beharko luke. Honetara heltzea da Oiartzungo Udalaren helburua.

091217 ergoiengo bilera

Atez ate biltzen hastean Udalak papera/kartoia Lanbarrengo plantara eramango ditu, ontzi arinak Urnietakora eta hondakin organikoak Azpeitiko Lapatxeko konposta makinara. Birziklatu ezin diren materialak, hasiera batean, San Markoko transferentzia plantara eramango dira. Beiraren gestioaz Ecovidriok jarraituko du arduratzen eta iglu berdeetan jasotako materiala Laudion dagoen plantara eramaten segiko du.

Hasiera batean horrela kudeatuko dira Oiartzungo hondakinak, baina hobekuntzak egiten joatea da udalaren nahia. Materia organikoaren tratamendurako Oiartzundik gertuago konposta planta bat izatea lortu nahi da eta errefusa, aldiz, inerteen zabortegi batera eramatea da egokiena; ez baita toxikoa izango. Hobekuntzak eginez, herriko hondakinak gero eta hobeto kudeatu eta tratatzea izango da helburua.

Iruzkina gehitu

Asteazkenean Ugaldetxoko eskoletan elkartu ginen eta auzotarrek hondakinak birziklatzeko erraztasunak eta erosotasunak eskatu zituzten. Kontenedore sistemarekin, hainbat eta hainbat hondakin birziklagarri zabortegira joaten dira birziklatzeko baliabiderik edo, baliabideak izanda, birziklatzeko erosotasunik ez dugulako.

091216 ugaldetxoko bilera

Atez atekoa martxan jartzean arazo hauek konpondu behar direla esaten zuten ugaldetxotarrek. Izan ere, auzotarren iritziz, bilketa sistema berriaren arrakastaren gakoetako bat izango omen da herritarrek birziklatzeko erraztasunak eta erosotasunak izatea. Eta arrazoia dute. Udal ordezkariek aipatu bezala, atez atekoarekin birziklatzeko ahalik eta baliabide gehien jarriko dira, eta gaizki egin nahi duenari gauzak zailduko zaizkio. Egoerari buelta emango zaio, alegia: egungo kontenedore sistemarekin gaizki egiteko erraztasun eta erosotasun guztiak ditugu, eta birziklatzeko, berriz, zailtasunak.

Atez atekoak dituen aukeren adibide dira herrian bertan oiartzuarrentzat eraikiko den garbigunea, egun plazan egoten den San Markoko furgoneta auzoetara jaistea, beiraren igluen zerbitzua hobetu eta indartzea, kaleko zakarrontziak bilketa sistema berrira egokitzea, pilen edukiontzi hori txikiak mantentzea…

Horiek eta beste hainbat zerbitzu izango dira baliagarri atez atekoa gero eta erosoagoa eta errazagoa izateko. Kontu honetarako ere ekarpenak jasotzea da auzoz auzoko bileren 2. errondaren helburuetako bat. Hurrengo abenduaren 23ra arte jarraituko du udalak lan horretan eta herritarrak bertan izatera animatu nahi ditu.

Iruzkina gehitu

1.orrialdea1234Hurrengoa »