Datorren udaberritik aurrera gastronomia- elkarteetan ere hondakinak atez ate biltzen hasiko da Oiartzungo Udala. Jada martxan diren esperientziak bertatik bertara ezagutzeko asmoz, Artaso, Girizia, Aldeguna, Ibargain, Zelai Taldea eta Iturri Berri-ko bazkideak Usurbilen izan ziren pasa den larunbatean. Usurbilgo Udaleko ordezkariak lagunduta, Andazpe gastronomia-elkarteko funtzionamendua ezagutzeko aukera izan zuten.

100130 elkarteak usurbilenEtxebizitzetan ez bezala, elkarteek bazkide mordoa izaten dute eta horien guztien koordinazio egokia behar da hondakinak atez ate txukun biltzen hasteko. Andazpe elkarteko ordezkariak esan bezala, “egia da antolaketa aldetik aldaketak egin behar direla, baina erraz egokitzeko moduko sistema da atez atekoa”. Beren kasuan, hondakin bakoitza zein frakzioren parte den azaltzen duten karteltxoak jarri dituzte kuboen alboan, eta adostutako bazkide bat arduratzen da egoki sailkatutako hondakin horiek atarira ateratzeaz. 

Oiartzungo udal teknikariak hasiak dira herriko elkarteen behar eta zalantzak jasotzen. Lokalek dituzten aukerak ezagututa eta bazkideen iritzi nahiz ikuspuntuak entzunda, Udalak elkarte bakoitzari bere beharretara ongien egokitzen den zerbitzu-proposamena egingo dio.

Iruzkina gehitu