Herritar ugarik eman du izena etxean konposta egiten hasteko, eta aste honetan bertan hasi diren ikastaroak hurrengo martxoaren 26a arte luzatuko dira. Atez ateko informazio bulegoko teknikariak herritarrei deika ari dira, baina oraindik deirik jaso ez duena bulegora bertaratu daiteke ikastaroa noiz egin nahi duen jakinaraztera; telefonoz ere jar daiteke hitzordua 900 49 11 11 doako zenbakira deituta. 

100312 konposta ikastaroa

Ikastaroak ordubetekoak dira eta saioa bukatu bezala jasotzen dute herritarrek beren konposta-kaxa. Astelehenetik ostiralera, egunero bi ikastaro egiten ari dira: bata goizean 9:30ean eta bestea ilunabarreko 19:30ean. Bizilagunen eskaerak ikusita, gaztelerazko saio bana ere izango da astero. 

Kanpaina oso arrakastatsua izaten ari da  

Eguberrietatik hona, 430 familiak eman dute etxean konpostatzeko izena. Lehendik 170 familiak autokonpostatzen zutela jakinik, Oiartzunen 600 familia arduratuko dira beren materia organiko guztia beren kabuz kudeatzeaz. Familia horiek guztiek hondakinak murriztu, ongarria sortu eta ingurumenari mesede egingo diote. 

Udaleko ordezkariak oso pozik daude kanpainak izan duen emaitzarekin. Alkateak adierazi duenez, “herrian etxeko konposta egin dezaketen familien erdiaz ari gara hizketan, eta hori emaitza oso ona da. Bide honetatik jarraituz gero, Oiartzun Euskal Herriko herririk konpostatzaileena izatea lortuko dugu. Argi ikusi dugu, baliabideak eskura jarriz gero, herritarrek asmo onez eta gogoz erantzuten dutela”. 

Izena eman duten familia guztiek doako ikastaroa, konposta kaxa eta zazpi hilabeteko aholkularitza teknikoa izango dituzte eskura. Honez gain, datorren urteko hondakinen tasan %20ko hobaria izango dute. Izan ere, Udalak ez du beren hondakin organikoak biltzen eta tratatzen gasturik izango. Hala nahi duena, oraindik izena emateko garaiz da.

Iruzkina gehitu