100316 zubietarrak hernaninZubietako errauste-plantaren kaltetu zuzenak, 10 bat laguneko ordezkaritza bat, Hernanin izan ziren atzo arratsaldean atez atekoaren ezarpena eskertu eta errauste-plantaren inguruan duten kezka partitzen. Horietako batzuk errauste-planta jarri nahi duten tokitik 200 eta 400 metrotara bizi dira, eta euren bizimoduari eta osasunari egingo zaion kalteaz oso kezkatuta daude. Atzoko bisitaren arrazoia Hernaniko Udalari euren eskerrona azaltzea izan zen, atez atekoak itxaropena berreskuratzen lagundu dielako. Entregatu duten idatzi osoa irakutzeko….

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

Oiartzungo Udalak lotuta ditu hondakinak atez ate biltzen hasteko beharrezko azpiegitura guztiak, eta Aitor Etxeberria alkateak gaur eguerdiko agerraldian esan bezala, “datorren maiatzaren 5ean hasiko gara hiri hondakinak atez ate biltzen”. Hurrengo hilabete eta erdian herritarrei ahal bezainbat erraztasun eta informazio praktiko eskura jartzea izango da udalaren helburua. 

100315 prentsaurrekoa txikiaOrain bi urte hasi zen gai hau lantzen Oiartzungo Udala, eta pasa den azarotik hona herritarrekin batera gorpuztu du atez atekoak herrian izango duen funtzionamendua. Orain, halaber, “heldu da sistema martxan jartzeko ordua, heldu da hondakinen arazoari egiazko irtenbidea emateko ordua”, adierazi du Etxeberriak. 

Herritarren osasuna eta ingurumena izan dira atez atekoaren aldeko apustua egiteko arrazoi nagusiak, baina egungo hondakinen bilketa nahiz tratamendu sistemak urtero sortzen duen defizit ekonomikoa arintzeko asmoz ere hartu dira erabakiak. Hondakinak atez ate biltzen hastean, sortutako errefusa kantitatea nabarmen murriztuko da Oiartzunen; horretan datza arazo ekonomikoei irtenbidea ematearen gakoa. Bilketa bera garestiagoa izango den arren, errefusaren tratamenduagatik ordaindu beharrekoa nabarmen jaitsiko da, eta birziklagarriak diren materialengatik egungo sistemarekin jasotzen ez dituen diru-sarrerak izango ditu udalak. “Momentuan kostuak zertxobait murriztea lortuko dugu, baina etorkizunean aldea gero eta nabarmenagoa izango da, errefusaren tratamendua gero eta garestiagoa izango baita”, adierazi du Etxeberriak. 

Munduko hainbat herrialdetan, Katalunian eta Usurbilen bertan izandako esperientziek atez atekoa bideragarria dela frogatu dute eta Oiartzunen ere ondo funtzionatuko duela ziurtatu du alkateak; konfiantza osoa du oiartzuarren asmo onean. “Oiartzun zerbitzu onak dituen herria izanik, hondakinen bilketa zerbitzua ere maila berean jartzeko garaia bada. Arazoak besterik ematen ez dituzten kontenedoreak atez atekoa bezalako zerbitzu garbi, eroso eta eraginkor bategatik ordezkatzeko garaia da”. 

Maiatzaren 5etik aurrera beira ez beste hondakin guztiak atez ate jasoko ditu Oiartzungo Udalak. Astelehen eta ostegunetan ontzi arinak bilduko dira; asteartetan papera eta kartoia; asteazken, ostiral eta igandetan materia organikoa eta larunbatetan errefusa. Herritarrek ilunabarreko 20:00tik 22:00ra arteko tartea izango dute beren hondakinak atarira ateratzeko. Honez gain, zerbitzu osoa eta egokia eman ahal izateko, 6 aportazio-gune (landa eremuko bizilagunentzat), emergentzi-gunea eta garbigunea jarriko dira herritarren zerbitzura.

Usurbilgo Ituna 

Oiartzungo Udalak bat egiten du pasa den ostiralean aurkeztu zen Usurbilgo Itunaren edukiarekin. Izan ere, Oiartzunen hondakinen gaiak hartu duen bideak itun horren norabide bera du; norabide berean egiten dute indar biek. Sei urteko moratoria eskaeraren ostean, Usurbilgo Ituna pauso sendo eta arrazoizkoa da. Aitor Etxeberriaren hitzetan, “ pausoz pauso, errausketarik eta zaborrik gabeko arora helduko gara; atez ateko bilketaren arora, alegia”.

Iruzkina gehitu

100312 usurbilgo itunaGaur eguerdian Usurbilgo Ituna sinatu dute hainbat sindikatu, talde ekologista eta alderdi politikok Donostiako Kursaalean. Itun horretan, erraustegiarentzat 6 urteko moratoriaz gain, zero waste (zero zabor) politika bat jartzeko eskatzen zaie Gipuzkoako Ahaldun Nagusiei. ELA, CCOO, LAB, EHNE, EILAS, HIRU, ESK, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Errausketaren aurkako Koordinakundea, Ezker Abertzalea, Aralar, Ezker Batua, Alternatiba eta Berdeak taldeek sinatu dute ituna.

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

Herritar ugarik eman du izena etxean konposta egiten hasteko, eta aste honetan bertan hasi diren ikastaroak hurrengo martxoaren 26a arte luzatuko dira. Atez ateko informazio bulegoko teknikariak herritarrei deika ari dira, baina oraindik deirik jaso ez duena bulegora bertaratu daiteke ikastaroa noiz egin nahi duen jakinaraztera; telefonoz ere jar daiteke hitzordua 900 49 11 11 doako zenbakira deituta. 

100312 konposta ikastaroa

Ikastaroak ordubetekoak dira eta saioa bukatu bezala jasotzen dute herritarrek beren konposta-kaxa. Astelehenetik ostiralera, egunero bi ikastaro egiten ari dira: bata goizean 9:30ean eta bestea ilunabarreko 19:30ean. Bizilagunen eskaerak ikusita, gaztelerazko saio bana ere izango da astero. 

Kanpaina oso arrakastatsua izaten ari da  

Eguberrietatik hona, 430 familiak eman dute etxean konpostatzeko izena. Lehendik 170 familiak autokonpostatzen zutela jakinik, Oiartzunen 600 familia arduratuko dira beren materia organiko guztia beren kabuz kudeatzeaz. Familia horiek guztiek hondakinak murriztu, ongarria sortu eta ingurumenari mesede egingo diote. 

Udaleko ordezkariak oso pozik daude kanpainak izan duen emaitzarekin. Alkateak adierazi duenez, “herrian etxeko konposta egin dezaketen familien erdiaz ari gara hizketan, eta hori emaitza oso ona da. Bide honetatik jarraituz gero, Oiartzun Euskal Herriko herririk konpostatzaileena izatea lortuko dugu. Argi ikusi dugu, baliabideak eskura jarriz gero, herritarrek asmo onez eta gogoz erantzuten dutela”. 

Izena eman duten familia guztiek doako ikastaroa, konposta kaxa eta zazpi hilabeteko aholkularitza teknikoa izango dituzte eskura. Honez gain, datorren urteko hondakinen tasan %20ko hobaria izango dute. Izan ere, Udalak ez du beren hondakin organikoak biltzen eta tratatzen gasturik izango. Hala nahi duena, oraindik izena emateko garaiz da.

Iruzkina gehitu

100311 zintzilikailuak euskal herria enparantzaUdal langileak hasiak dira herriko kaleetan zintzilikailuak jartzen. Hamabost eguneko epea egon da udal proposamenak ezagutu eta herritarren ekarpenak jasotzeko. Martxoaren aurrenean hasi ziren brigadako langileak zintzilikailuak bizilagunekin adostutako lekuetan jartzen.

Iruzkina gehitu

Gurasoak, ikasle

100311 elizaldeko bileraAtzo arratsaldean Elizalde Herri Eskolako ikasleen gurasoekin bilera egin genuen atez atekoaz. Guruzne eta Jon udal teknikariak izan ziren azalpenak ematen eta gurasoen zalantzak argitzen. Ikasle onak izan ziren gurasoak eta arretaz entzun zuten teknikariek esandakoa.

Udalaren helburua atez atekoaren gaineko informazioa ahalik eta herritar gehienengana heltzea da eta laster Haurtzaro Ikastolako gurasoekin ere egingo da beste bilera bat.

Iruzkina gehitu

Hernaniarren gonbita

Eman-aukera-bat-atez-atekoari hernaniHernaniarrek agerraldi publikoa egitekoa dute bihar. Atez atekoarentzat aukera bat eskatu nahi dute eta Maialen Lujanbio bertsolaria ere bertan izango omen da. Nahi duen oro bertaratzera gonbidatu nahi dute.

 

Iruzkina gehitu

Oihan Ostolaza ekonomilari oiartzuarrak atez atekoaren gaineko analisi ekonomikoa egin du Oarsoaldeko Hitzan.

Osasun eta ingurumen ikuspegitik ez ezik, alor ekonomikotik ere atez ateko bilketa bideragarria eta egungo 4 kontenedoreko sistema baino ekonomikoagoa dela ondorioztatu du ekonomilariak.

Oihan ostolaza ekonomiarenkz.eu

Gakoa hondakinen bilketan bertan eta sortutako errefusa kantitatean dago. Egia da bilketa nekezagoa dela, hondakinak puntu gehiagotan bildu behar baitira. Gauzak horrela, egungo 4 edukiontzien sistema baino 276.000€ garestiagoa da atez atekoaren bilketa. Hala ere, kontuan izan behar da 5 lanpostu sortuko dituela eta egungo krisi egoeran, ez da berri txarra.

Bilketa bera garestiagoa izango den arren, errefusagatik ordaindu beharrekoa 358.410€ merketuko da. Izan ere, birziklapen-maila igo egingo da eta, beraz, errefusa askoz gutxiago sortuko dugunez, errefusagatik ordaindu beharrekoa ere nabarmen merketuko da.

Oinarrizko bi puntu hauez gain, badira bestelako diru partida batzuk ere. Horien artean daude materia organikoaren tratamendu gastuak (100.000€) eta Oiartzungo Udalak hondakinak birziklatzeagatik jasoko dituen diru sarrerak (102.960€). Kontuan izan behar dugu udalak hondakinen bilketa eta tratamendu eskumenak berreskuratuko dituela eta orain arte jasotzen ez zituen diru-sarrerak jasoko dituela birziklagarriak diren hondakinengatik.

datu ekonomikoak kuadroak eguneratua2 eusk

Kontuak ateraz gero, urtero 85.370€ko diferentzia aterako da atez atekoaren alde. Diferentzia honek etorkizunean gora egitea espero da, errefusaren tratamendua gero eta garestiagoa izango baita.

5 edukiontzien sistemaz ere aipua egiten du Ostolazak. Bere hitzetan, ez da atez ateko bilketa baino merkeagoa: bilketa 4 kontenedoreen sistema baino garestiagoa da, materia organikoaren tratamendu gastuak ere baditu, eta, printzipioz, ez du diru-sarrerarik izango eta ez du lanposturik sortuko. Honez gain, sistema honek ez du errauste-planta ekidingo. Atez atekoak lortuko du hori eta horretan datza bi sistema horien diferentzia nagusia.

Oharra: argazki hau www.ekonomiakz.ue webgunean argitaratua dago 

Iruzkina gehitu