Nola funtzionatzen du atez ateko bilketak?

Materia organikoa
Asteko hiru egunetan jasotzen da, tartekatutako egunetan (esaterako: astelehena, osteguna eta larunbata).
Materia organikoa honako lehengaiek osatzen dute: fruitu eta barazki hondakinak, haragi eta arrain hondakinak, arraultzak eta mariskoak, kafe hondarrak, landare-hostoak eta barnizarik eta plastikorik gabe erretako egurraren errautsa. Jakiak gordinak edo sukaldatuak izan daitezke.
Materia organikoa udalak banatuko duen kubo marroian jasoko da, inolako poltsarik gabe. Kuboa etxeko atarian utzi beharko da. Kuboan ur zikinik eta usain txarrik sor ez dadin, etxean taparekin ez ixtea gomendatzen da. Horrela, materia organikoa aireztatu egiten da eta ura lurrundu egiten da. Kuboa txukun mantentzeko, ontziaren behealdean sukaldeko papera edo zerrauts pixkat bat jar daiteke.

Ontzi arinak
Astean bi egunetan bilduko dira (esaterako: asteartea eta ostirala). Jasoko diren ontziak honakoak dira: latak, poltsak, plastikozko ontziak, porexpan-erretiluak eta brickak.

Papera
Astean behin biltzen da (esaterako, asteazkenetan). Papera eta kartoia, aldizkariak, egunkariak, katalogoak, kartoizko ontziak… jasotzen dira.
Ohikoena paperezko poltsan, kartoizko kaxan edo soka batekin lotuta uztea da.

Errefusa
Astean behin batuko da (esaterako, igandetan).

Birziklatu ezin daitekeen material inorganikoa da hondakin hori: hautsa, zeramika puskak, hautsitako ispiluak, barnizdun errautsak, paper plastifikatua, porexpan pieza handiak, material mixtoak…

Pixohialak eta konpresak
Egunero atera daitezke.

Beira
Beirazko ontziak kaletik kenduko ez diren iglu berdeetan botatzen jarraituko dugu.

Larrialdi puntuak
Bilketaren ordutegietara egokitzeko zailtasunak dituztenentzat edo ezohiko egoeretan aurkitzen direnentzat  larrialdi puntuak egongo dira. Gune horietan, asteko egun guztietan eta eguneko edozein ordutan utzi daitezke hondakinak.

Aportazio guneak: Hondakinak atez ate bilduko ez zaizkien landa eremuko bizilagunek beren hondakinak uzteko etxolak dira aportazio guneak. Giltzaz itxita egongo dira eta hondakinak bertan uzten dituzten herritarrek soilik izango dute sartzeko aukera.

Garbigunea: atez ate bilduko ez diren noizbehinkako hondakinak jasotzeko puntuak dira garbiguneak.

Udaleko langileak egotea edo kamera bidezko zaintza jartzea aholkatzen da, anonimatua ahalik eta gehien ekidin eta ahalik eta kalitate oneneko materiala jasotzeko. Puntu horietan etxeko hondakinak soilik jasoko dira.