Atzo ilunabarrean Aldeguna elkartean bildu ginen. Bizilagunek bazekiten aste honetan bertan bukatuko dela eztabaida eta erabakitze prozesuko bileren 2. erronda eta udaberrian atez atekoa martxan jarri arteko epean zein pauso emango diren galdetu zuten.

091221 arragua goi bilera

Enrike Lekuona hirigintza zinegotziak azaldu bezala, udalak herritarrekin kontaktuan jarraituko du atez atekoa martxan jarri aurretik nahiz ondoren. Eztabaida eta erabakitze prozesuaren helburua Oiartzunen martxan jarriko den atez ateko bilketa proiektua definitzea da. Hemendik aurrera, sistema fintzen eta xehetasunak lotzen jarraituko da, baina ekarpen eta zalantzak in situ jasota: Bizilagun eta administrariekin zintzilikailuak non jarri adostu behar da, kuboak eta atez atekoari dagokion informazio praktikoa banatuko da etxez etxe… 

Honez gain, zalantza praktikoagoak ere azaldu ziren bileran. Garbigunearen kokalekuaz aritu ginen. Oiartzuarren mugimendu-ohituren baitan, garbigunea Ugaldetxo eta Arragua artean kokatzea da egokiena. Hasieran arraguatarrek ez zuten oso begi onez hartu aukera hau, baina azaldu zitzaien garbigunea ez zela gune urbanoan jarriko. Udala garbigunearen kokalekua definitzeko azken hariak lotzen ari da.

Iruzkina gehitu

Udalak hondakinen bilketa eta tratamenduaren azken datu ofizialak eta 2010erako aurreikuspenak kaleratu ditu. San Markoko Mankomunitatetik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako datu horien arabera, kontenedore bidezko bilketa atez atekoa baino defizitarioagoa da. Aurreikuspenen baitan, etorkizunean kontenedoreekin jarraitzea geroz eta garestiagoa izango da.

datu ekonomikoak kuadroa eusk

Egungo kontenedore sistemarekin aurrera eginez gero, Oiartzungo Udalak 767.476 € ordaindu beharko ditu bere hondakinengatik 2010ean. Atez ate biltzen hasita, berriz, 723.062 €. Izango diren diru sarrerak kontuan hartuz, edukiontziekin jarraitzeak 388.578 €ko defizita ekarriko du eta atez ate jasotzen hasteak 241.204 €koa. Etxeko hondakinak egoki biltzean dago gakoa. 

Oiartzungo Udalak bi ekarpen egiten dizkio San Markoko Mankomunitateari. Emandako zerbitzuengatik 105.716 € ordaintzen zaizkio eta zabortegira eramandako tona kopuruagatik orduan eta altuagoa den tasa ere bai. Zabortegia itxiz geroztik, hondakinak beste zabortegi batzuetara bideratzen dituen transferentzi-planta da San Marko. Hondakinak ez dira han bertan tratatzen eta horrek dakar tasen igoera. Udalek 125 € ordaindu behar dituzte zabortegira iristen den hondakin tonako. Orain arte bezala segita, Oiartzungo Udalak 2010ean 468.421 € ordaindu beharko ditu eta atez ate bilduta, berriz, 78.000 €.

  Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

Pasa den ostiralean landa-eremuko bizilagunen txanda izan zen udal bibliotekan. Aportazio guneak dira beraiei gehien eragingo dieten berrikuntzetako bat eta horretara ere jarriko direla zioten.

Egungo edukiontzi soterratuak eta kontenedoreak kenduta, aportazio guneak izango dira landa-eremurako alternatiba. Ordutegi eta egutegi jakinik izango ez duten etxola giltzatuak dira aportazio guneak. Kontenedore hori, urdin, marroi eta grisa egongo dira eta bertara sartzeko giltza duten bizilagunek han utziko dituzte beren hondakinak. Landa-eremuko oiartzuar guztiei hondakinak atez ate biltzea ez da ekonomikoki bideragarria. Horregatik eraikiko dira aportazio guneak.

Bileran izan zirenek begi onez ikusi zuten aportazio guneen bidezko bilketa sistema, baina egin zituzten beren ekarpenak ere. Beiraren iglua ere etxolan bertan egon daitekeela proposatu zuten; erosotasunagatik, batez ere. Etxean hildako animalien larruak, tripak… uzteko lekua ere eskatu zuten. Honen aurrean, Udalak garbigunean kontenedore berezi bat egotea aurreikusten du.

Iruzkina gehitu

silla-vespa01Upcyling-a erabilerarik ez duten objetuak birziklatu eta balore berdina edo handiagoa duten objetuetan bihurtzea da. Azken aldian gero eta indar handiagoa hartzen ari da eta enpresa mordoak egin dute honen aldeko apustua.

Irakurri gehiago gai honi buruz consumer aldizkari digitalean.

Iruzkina gehitu

Lehengo ostegunean Ergoiengo Auzokalte elkartean bildu ziren herritarrek atez ate bilduko diren hondakinek non bukatuko duten galdetu zuten. Udal ordezkariek azaldu bezala, egokiena herri bakoitzak bere hondakinak kudeatu eta tratatzea izango litzateke. Izan ere, udal bakoitzaren konpetentzia da bere hondakinak biltzea eta norberak berea gestionatu beharko luke. Honetara heltzea da Oiartzungo Udalaren helburua.

091217 ergoiengo bilera

Atez ate biltzen hastean Udalak papera/kartoia Lanbarrengo plantara eramango ditu, ontzi arinak Urnietakora eta hondakin organikoak Azpeitiko Lapatxeko konposta makinara. Birziklatu ezin diren materialak, hasiera batean, San Markoko transferentzia plantara eramango dira. Beiraren gestioaz Ecovidriok jarraituko du arduratzen eta iglu berdeetan jasotako materiala Laudion dagoen plantara eramaten segiko du.

Hasiera batean horrela kudeatuko dira Oiartzungo hondakinak, baina hobekuntzak egiten joatea da udalaren nahia. Materia organikoaren tratamendurako Oiartzundik gertuago konposta planta bat izatea lortu nahi da eta errefusa, aldiz, inerteen zabortegi batera eramatea da egokiena; ez baita toxikoa izango. Hobekuntzak eginez, herriko hondakinak gero eta hobeto kudeatu eta tratatzea izango da helburua.

Iruzkina gehitu

Atez atekoaren bisitan,usurbil.jpgLehengo astelehenean Eusko Jaurlaritzako ingurumenaren kalitaterako arduraduna eta ingurumen teknikaria izan ziren Usurbilen atez atekoaren funtzionamendua gertutik ezagutzen.

Ostegunean Donostiako Alternatiba alderdiko kideen txanda izan zen, Duñike Agirrezabala buru zutela.

Iruzkina gehitu

Asteazkenean Ugaldetxoko eskoletan elkartu ginen eta auzotarrek hondakinak birziklatzeko erraztasunak eta erosotasunak eskatu zituzten. Kontenedore sistemarekin, hainbat eta hainbat hondakin birziklagarri zabortegira joaten dira birziklatzeko baliabiderik edo, baliabideak izanda, birziklatzeko erosotasunik ez dugulako.

091216 ugaldetxoko bilera

Atez atekoa martxan jartzean arazo hauek konpondu behar direla esaten zuten ugaldetxotarrek. Izan ere, auzotarren iritziz, bilketa sistema berriaren arrakastaren gakoetako bat izango omen da herritarrek birziklatzeko erraztasunak eta erosotasunak izatea. Eta arrazoia dute. Udal ordezkariek aipatu bezala, atez atekoarekin birziklatzeko ahalik eta baliabide gehien jarriko dira, eta gaizki egin nahi duenari gauzak zailduko zaizkio. Egoerari buelta emango zaio, alegia: egungo kontenedore sistemarekin gaizki egiteko erraztasun eta erosotasun guztiak ditugu, eta birziklatzeko, berriz, zailtasunak.

Atez atekoak dituen aukeren adibide dira herrian bertan oiartzuarrentzat eraikiko den garbigunea, egun plazan egoten den San Markoko furgoneta auzoetara jaistea, beiraren igluen zerbitzua hobetu eta indartzea, kaleko zakarrontziak bilketa sistema berrira egokitzea, pilen edukiontzi hori txikiak mantentzea…

Horiek eta beste hainbat zerbitzu izango dira baliagarri atez atekoa gero eta erosoagoa eta errazagoa izateko. Kontu honetarako ere ekarpenak jasotzea da auzoz auzoko bileren 2. errondaren helburuetako bat. Hurrengo abenduaren 23ra arte jarraituko du udalak lan horretan eta herritarrak bertan izatera animatu nahi ditu.

Iruzkina gehitu

091215 karrikako bileraEtxerako lanak eginda eta hondakinen bilketa sistema berriari ekiteko gogoz azaldu ziren Karrikako bizilagunak Artaso elkartera. Aurpegi berri asko izan arren, ondo informatuta etorri ziren eta eman ziren xehetasun berriak apuntatu eta apuntatu aritu ziren.

Usurbilen bizitutako auzotar batek berak azaldu zigun kubo marroia hondakin organikoekin betetzea ez dela hain erraza eta astean hirutan jasotzea nahikoa dela. Arazorik ez izateko trukuak ere eman zituen: etxean dugunean kuboa irekita eduki eta arrainik edo jaten dugunean, sukaldeko paperean bilduta utzi. Konposta kaxaren mekanika ere ezagutzen zuten. Badira jada praktikan jarria dutenak eta hauetako batek esplikatu zigun kaxak nola funtzionatzen duen.

Oso gustura egon ginen eta udal ordezkariek ere ikasi zituzten gauza berriak. Karrikatarrak, bejondeizuela!

Iruzkina gehitu